Sortu prozesua aurrera dihoa Irunen

Euskal Herriaren luze zabalean bezala, Irunen ere, SORTU eratzeko eztabaida eta ekarpen prozesua martxan da. 10 urtetako ilegalizazio fasea gainditu ondoren, Azaroaren 20an prentsaurreko bidez, irungo Sorrera Taldeko kideek esan bezala,  ezker abertzalearen bueltan ibilitako militante historikoak zein berriak biltzeko eta denon artean Ezker Abertzalearen tresna politiko eta organizatibo berria eraikitzeko deialdi zabala burutu da herrian.

Eta jende andana izan da deialdi honi erantzun positiboa eta konprometitua eman diona. Pasaden azaroaren 24an Sortu eratzeko prozesuaren lehenengo batzarra burutu zen Irungo Ospital Zaharrean. Gazteak, zaharrak, emakumeak, ikasleak, sindikalistak, mota ugaritako herri mugimenduetako kideak, zinegotziak, feministak, preso ohiak...kasik 100 pertsona bildu ziren Sorturen oinarri ideologikoen inguruan eztabaidatzeko. Batzar anitza izateaz gain, ilusionagarria, parte hartzailea eta berritzailea izan zen bertaratutako gehienen iritziz, balorazio orrien arabera.

Sorturen oinarri ideologikoak, ezker abertzaleak azken hamarkadetan izan dituenen jarraipena izango dira. Euskal Herria independientea, sozialista, euskalduna eta feminista nahi dute. Baina baita internazionalismoan, demokrazia parte hartzailean, aniztasunean eta ekologismoan oinarritua. Ideia hauen inguruan adostasuna oso handia izan da hasieratik. Baina noski, hain hitz potoloen bueltan eztabaida eta ekarpenak ugariak izan ziren. Oso interesgarriak gainera.

Baina hau guztia hasiera besterik ez da izan. Datorren larunbatean, abenduak 15, bigarren batzarra burutuko da eta. Oraingoan Sorturen ildo politikoa izango da eztabaidagai. Otsailaren amaiera arte iraungo duen prozesuan seguraski hauxe da gairik garrantzitsuena eta mamitsuena. Beraz, hemendik  Sorturekin bat egiten duen irundar orori gonbidapena luzatu nahi diogu prozesuan murgiltzeko, bere ekarpena beldurrik gabe egiteko eta larunbatean batzarrera agertzeko. Berau 16:30tan izango da Irungo Ospital Zaharrean.

Etiquetas: