Poligono eta industrialdeetako hondakinak biltzeko zerbitzua arautzeko araudi berria

Foto

Atzo, apirilaren 1ean, ordenantza berri bat indarrean sartu zen, San Marko Mankomunitateko udalerrietako industria- eta enpresa-poligonoetako eta parke teknologikoetako hondakinak biltzeko zerbitzua arautuko duena, alegia.

Araudi berriaren bidez, Mankomunitateak helburu nagusi bat bete nahi du: enpresei birziklatzearen garrantzia eta horrek gizarteari ekartzen dizkion onurak ikusaraztea, eta prozesu horretan parte hartzea bultzatzea. Horretarako, hondakin ez arriskutsuak biltzeko zerbitzuak definitu ditu, eta horiek erabiltzeko baldintzak ezarri.

Hondakinak sailkatzeko eta tratatzeko modua arautzen du ordenantza berriak, eta horren arabera, enpresa guztiek Mankomunitateari eman beharko dizkiete hondakinak, zerbitzuan alta hartu beharko dute, eta hondakinak araudi berriak ezarriko dituen ordutegi eta baldintzetan eman. Gainera, Mankomunitateak edukiera ezberdineko edukiontziak banatuko dizkie enpresei, lokalen barrualdean jar ditzaten.

Tasei dagokienez, Mankomunitateak urtean behin ezarriko ditu zerbitzuari dagozkionak. Baina, ordenantzak nobedade gehiago dakar, eta adibidez, orain arte lan-gunearen azaleraren (m2) arabera ezarri badira tasak, hemendik aurrera garrantzi handiagoa emango zaio sortutako hondakin kopuruari. Era berean, tasak hondakin motaren araberakoak izango dira, hau da, tasa altuagoak ordainduko dira birziklatu ezin diren hondakinengatik, berariazko tratamenduak behar dituztelako.

Azkenik, eta araudi berriari jarraiki, Mankomunitateak ez ditu bilduko behar bezala sailkatu ez diren hondakinak.

Proiektu berritzaile honen bitartez, San Marko Mankomunitateak erreferente izan nahi du hondakinen kudeaketa iraunkorraren arloan, eta horretarako, inbertsio handiak egin ditu, bai azpiegituretan bai ordenantzaren nondik norakoak enpresei ezagutarazteko informazio-lanetan.

Izan ere, enpresen laguntza, parte-hartzea eta kontzientziazioa ezinbestekoa izango da araudi berriak behar bezala funtziona dezan.

Lan-guneek zentzuzko epe bat izango dute araudi berriari buruzko informazio guztia eskuratzeko eta hura behar bezala aplikatzen hasteko. 

Etiquetas: