Bizi!.- Asteazken honetan, abenduaren 4an, Baionan, Bizi! mugimendu altermundialistaren deiari jarraikiz ehun bat pertsonek parte hartu dute Baionako Cinq-Cantons plazan hurbileko saltegien ehorzketan.
Ekintza hori iragan da IKEAren lehen harriaren ezartze sinbolikoa antolatua izanen delarik bihar, abenduaren 5an ostegunarekin eta bertan parte hartuko dutelarik Jean Grenet (Baionako auzapeza), Alain Iriart (Hiriburuko auzapeza), Roland Irigoyen (Mugerreko auzapeza) eta Stefan Vanoverbeke, Ikea Frantziako lehendakari-zuzendari orokorrak.
Chopin-en ehorzketa martxarekin, Bizi!-ren militanteek, Mouguerre Cadre de vie elkarteko kideek eta Baiona hiri erdiko komertsante batzuek osatzen zuten ahukua Baionako karriketan ibili da, Ikearen koloreekin beztituak ziren 4 ehorzlek eramaiten zuten « Hurbileko saltegiak » izena agerian zuen kutxa beltz baten gibelean, oinezkoei eta komertsantei hil abisuak zabalduak zirelarik.
Cinq-Cantons plazarat heltzean, hil harri bat ezarri dute non irakurtzen ahal zen « Hemen dautza Hurbileko Saltegiak » eta hil-otoitza entzun dute (loturik aurkituko duzue testua) . Testu hori Camille Ogouz-ek irakurri du eta bertan IKEAren etorrerak tokiko ekonomian dituen ondorio latzak azpimarratzen dira.
« Enpresa ttipiak eta hurbileko ofiziale eta komertsante ttipien trebetasun edo jeinua dira lehenik sakrifikatuak izanen kanpotik etorritako kapitalen probetxurako » erran du hizlariak.
Irakurketa horren denboran, beste militante batzuk hil-otoitza banatzen zieten ehorzketarat hurbildu ziren oinezkoei eta komertsantei.
Bizi !ko manifestatzaileen bozeramailea den Mano Heu-ren arabera « Gutarik bakotxaren eroste ekintza bat bozka bat da. Tamalez berantegi bada zentro komertzial horren eraikuntza saihesteko, eta eskualde honetan diren beste proiektuen gelditzeko, hiri erdiko ofiziale eta saltegi ttipien ehortzea ez da halabehar bat ! Bainan horretarako behar ditugu sustengatu eta tokiko kontsumoa lehenetsi. Hauta dezagun bizitzeko nahi dugun mundua.»
Informazio gehiago: www.bizimugi.eu