Emakumearen eguna ez delako Martxoak 8ra mugatzen

foto rueda prensaIrungo Bilgune Feminista.- Elkarlanak indartu egiten gaitu. Elkarrekin indartsuagoak gara. Elkarrekin mundua aldatu dezakegu.

Mundua aldatu ez dakigu, baina hilabete honetako egunak kolore ezberdinez eta kontu polit pila batez betetzen saiatu gara hemen bildu garen lagun guztiak.

Eragile desberdinak gara, baina helburu berdina daukagu, batean behintzat ados gaude, denok herri feminista bat nahi dugu, pertsona guztiak berdintasunean bizi ahalko diren herria.

Eta horretarako, arlo ezberdinetatik, Martxoaren 8a barnebiltzen duen hilabete honetan, ekitaldi anitzak antolatzen saiatu gara, bakoitzak gure esparrutik, ekarpena egiten saiatu.

Hasteko, hemen gauden guztiak, Martxoaren 8an bertan, Txingudi Antsi Sexista plataformak deitu duen manifestaldian izango gara, plataformako kide bezala batzuek edo herritar bezala besteok.

Ondoren, Lakaxita gaztetxean egingo den jaialdia izango da gure lehen ekarpena. Aldarrikapenak eta gozamenak eskutik elkar hartuta joan daitezkeela sinesten dugu, eta horregatik jaialditxoa egingo dugu Lakaxita gaztetxean.

LABek eta Bilgune Feministak, mahai inguru bat antolatu dugu Martxoaren 18an 19:30tan Lakaxita gaztetxean. Bertan, Bidasoaldeko emakumeok lan baldintzen arlotik bizi dugun egoera izango dugu hizpide, eskualdean izandako zenbait borroka gogora ekarriz.

Gazte zurrunbilokook, “Ogitarteko baten historia” ipuinaren irakurketa egingo dugu Martxoaren 21ean 19:30ak 20:00ak aldera Kabigorrin. Irakurketa eta gero, ipuinen inguruan hausnartzeko tartea zabalduko dugu, bertan, nolako irudiak transmititu izan ditugun, emakumearen papera nolakoa izan ote den … aztertuz.

Hurrengo egunean, Martxoaren 22an, Irungo Bilgune Feministak, Antxeta Irratiak eta Angula Berriak, komunikazioaren inguruko mahai ingurua antolatu dugu 19:00tan Hazia kultur elkartean. Komunikabideetan emakumearen presentzia nolakoa ote den, eta landu izan ditugun zenbait proposamen aurkeztu eta hauen inguruan eztabaidatzeko nahia dugu bertan.

Eta amaitzeko, hilero-hilero burutzen dugun Marikarmenismoaren Goxogunea egingo dugu oraingoan ere. Hileko azken asteazkenean, Martxoaren 27an, Lakaxitan arratsaldeko 19:30tan hitz egiteko espazio goxo bat irekiko dugu. Gaia oraindik zehazteke dago, baina emakumeok, feminismoarekin zerikusia duten gaiak afari-merienda goxo baten inguruan eztabaidatzera gonbidatzen ditugu beste behin.

Irun honetan, ekarpen txiki bat da egin nahi izan duguna egitarau hau osatuz, baina sinetsita gaude, hondar ale txiki guztiek parekidetasunaren hondartza ekarriko digutela azkenean. Gurekin batera, aletxo hauek pilatzera, bertan eseri eta eztabaidatzera gonbidatzen zaituztegu. Guztion artean Irun parekideago bat eraiki dezagun!

Etiquetas: