Hondarribiako alardea

logoEuskla Herriko Bilgune Feminista.- Badira hogei urte Jaizkibel konpania osatzen duten herritarrek “alardea berdintasunean” bizitzeko nahia helburu hartuta euren jardunari ekin ziotela.

Urteetan eta egun ere, muga eta oztopo anitzen gainetik aurrera egingo dute Jaizkibel konpainiako herritarrak. Urte guzti hauetan egindako lana instituzio publiko politiko batzuek “segurtasuna” aitzaki, edota herritar batzuen jarrerek eta erabakiek atzera bota nahi izan badituzte ere, ez dute lortu. Gainera, adierazi nahi genuke, urte guzti hauetan zehar irtenbidearen alde aritu eta ari diren bakarrak, Jaizkibel konpainiako kideak eta Hondarribiko emakume feministak izan direla.

Bestalde, instituzioen jarrera salatu nahi genuke beste behin ere; batez ere, PNV eta PSErena, emakumeen eskubideen urratzaile izateagatik eta irtenbidearen alde ezer ez egiteagatik. Honen adibide dira Aitor Kerejeta, Hondarribiako alkateak (EAJ-PNV) igandean adierazitakoak; Berria egunkaritik hartua: (...)Hondarribiko alkate Aitor Kerejetak bitartekaritza prozesu batean parte hartu du aurten, alardearen inguruko egoera konpontzeko. Baina alkateak berak igandean eskainitako elkarrizketa batean esan zuen prozesu hori «itxita» dagoela. Horrez gain, Kerejetak Jaizkibel konpainiaren aurka «hitz gogorrak» egin zituela adierazi zuten atzo —«Jaizkibel ez da jabetzen egun horretan manifestazio bat egiteak, ordu horretan, zer kontrako jarrera sortzen duen.

Jaizkibeleko norbaitek pentsatzen badu alardea manifestazioekin edo presioekin aldatuko dela, okertuta dago», esan zuen alkateak—. Alkatearen ustez, «oker larria» da desira bat «gatazka gisa» aldarrikatzea Hondarribiko «egun garrantzitsuenean». «Jaizkibelek manifestaziora alardearen osterako deitu beharko luke». (...) Berria, 2013-09-04 Bilgune Feministatik urteak daramatzagu herri jai parekideen alde lanean, pixkanaka aurrerapausoak eman ditugu Euskal Herriko herri askotan; hala ere, oraindik orain parekidetasunaren bidean asko dugu egiteko eta iazko debekua zein aurtengo mugapena onartezina dela pentsatzen dugu. Jendartearen eraldaketa bidean, bertako ohiturek ere norabide berdinean joan behar dute. Tradizioa ez baita ezer hertsia, monolitikoa, esentzian oinarrituta; bizirik dagoen zerbait da. Festak gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira; pasadizo hutsez harago, gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira. Beraz, jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Guk eraikitakoa guk alda dezakegu.

Beraz, oztopoen gainetik; batetik, Jaizkibel konpainiako kideak animatu nahiko genituzke igande honetarako eta bestetik, Euskal Herriko emakumeak ere animatu nahiko genituzke gure eskubideen alde eta Jaizkibel konpainiari gure babesa eskaintzera irailaren 8an Hondarribiara goizeko 8.15ean Alamedatik irtengo den ekimenean parte hartzera.

Etiquetas: