Hispanitatea eta Guardia Zibila = Inposizioa eta Indarkeria

foto

Hispanitatea eta Guardia Zibila, nortasuna eta indar armatuak. Gaurkoan, urriak 12, jai egun hau ospatzea inposatu diguten honetan, kolpe batez etortzen zaigu begi bistara zeintzuk diren gaur egun Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikora ekarri gaituzten bi logika nagusi: Inposizioa eta Indarkeria. Bata ala bestea ezinbestekoak izan dira, eta dira gaur egun, bizi dugun ordena kapitalista patriarkala mantentzeko, asmaturiko  estatu hau baturik mantentzeko eta nortasun espainolista estatuko lurralde guztietan zabaltzen saiatzeko.

Baina zer osparazi nahi digute gaur ba? Ba hasteko Kolon Abya Yala-ra (Kolonialismoak Hego Amerika deitu zuena) lehen aldiz iritsi zenekoa. Eta zergatik? Ba egun horretan hasi zelako espainiar inperioa gorenera eramango zuen espoliazio eta genozidio sistematikoa. 

1492aren urriaren 12an hasi zen aro modernoa, eta honekin batera besteak beste  Abya Yalako indigenen genozidioa eta Afrikatik bahitutako pertsonen esklabutza (gutxienez 70milioi hildako), uniformizazio kulturala (374400 hizkuntza desagerraraziak) lehengaien lapurreta (42 milioi metro karratu ostuak), mendebaldearen hegemonia,etab. Honek, besteak beste Kapitalismoaren eta estatu modernoen sorrera ekarri zuen. Esplotazio basatiaren bitartez Europan metatutako  kapitalari esker lehena, eta klase burgesaren gorakadaren ondorioz bigarrena. Prozesu guzti honen hasieran  izan zuen espainiar inperioak gorakada, mundu erdia konkistatu baitzuen, eta honekin batera hispano izendatu munduaren erdia. Zabalkunde prozesu honen baitan koka dezakegu Nafarroako erresumaren konkista 1522an, Abya Yalako beste herri asko bezala indarrez jazartua eta inposizioaz asimilatzen saiatua. 

 Beraz, ze arraio dugu guk gaur ospatzeko? 

Genozidio indigena? Inperio espainolaren urrezko garaia? Esklabutza globalizatua edo kapitalismoaren sorrera? Indarkerian eta inposizioan oinarrituta eraiki duten  nortasun bat geure egitea ez dute ba esperoko?

 Gaur egun gazte prekario eta esplotatu bezala bizi dugun egoerari bide eman zion historia bedeinkatzea espero badute, jai dute! Gazte iraultzaile bezala, ez dugu garaiko boteretsuek kontaturiko historia geure egingo, interesez beteak dauden gezurrak direlako, eta gutxiago ospatuko ditugu euren boterea indartzen duten egunak.

Gu ez gara hispanoak, eta gogor salatzen dugu klase zapaltzaileen aldetik erabili den indarkeria, garaian garaiko herri xumea esplotatzeko; hasi  Pizarro eta Quechuetatik eta gaur egungo Díaz Fernandez eta euskal langileriaraino. Ez gaude prest jai egun inposatu hau onartzeko, historiako genozidio eta espoliazio sistematiko handienaren hasiera osparazi nahi digutelako, gizateriaren kontrako krimen bat bezala izendatua beharko lukeenean. 

Espainiaren urrezko garai horren erromantiko asko dira gaur egun ere, eta gelditzen zaien apurra modu berean mantentzearen apustua egina dute: inposizioz eta indarrez. Baina beharko lukete jakin errezeta horrek ez duela betirako funtzionatzen, jada XVII. mendean hasi baitzen hispanitatearen erreinua desegiten,  eta tendentzia berdinean jarraitu dezan tinko borrokatzera goaz egungo erreinuko beste herri zapalduek. Ikusi nahi ez badute ere, garbi erakutsiko diegu inposizioaz ez dutela herri honetan hispanitatea errotzea lortu, naiz eta estatuko aparatu guztiak horretara jarri, eta nahiz eta norbaitek kontra egiten dienean Guardia Zibila bidali. Ezetz!  Jai egun arrotzak inposatuz eta Guardia zibila bidaliz ez dutela beren espainiar nazioa, bat eta bakarra inoiz erdietsiko.

Guzti honegatik, uste dugu gaurkoan irungo gazteriak gutxi duela ospatzeko eta asko aldarrikatzeko. Aukera ezin hobea dugula esateko ez dugula hispanoak izan nahi, ezin dugula begi onez ikusi saldu nahi diguten historia eta gure nortasun propioa eraikitzen jarraitu nahi dugula herri honetan. Gainera, ez dugula onartuko antolatzen garen bakoitzean beren indar armatuak bidaltzea gu jazartzera, dela Guardia zibila direla beste koloretako pistoleroak. Beraz, gaur inoiz baino ozenago esaten diegu bai Euskal Herrian dauden indar asimilatzaile guztiei bai indar armatu okupatzaile guztiei...

ALDE HEMENDIK UTZI BAKEAN!

Etiquetas: