Las comidas de Bizilagunak-La familia de al lado 2013 se amplían a Euskadi

logotipo

Aurten SOS Arrazakeriak bultzaturiko ekimenaren barne, Euskal Herriko hainbat tokitan egingo dira bazkari berezi eta desberdinak datorren azaroaren 17an. 

Bigarren urtez, ekimenaren helburua da  elkar ezagutzeko guneak zabaldu, parte hartzaileek parada izan dezaten ezagutu eta aurreiritzi eta estereotipoekin apurtzeko.  

Iaz Gipuzkoan bakarrik egin bazen, aurten Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan bertako eta kanpotik etorritako familiek igandeko bazkari berezi eta desberdina ospatuko dute. Bilbo, Gasteiz, Getxo, Ermua, Basauri, Arrasate, Donostia, Hernani, Tolosa, Zarautz, Eibar …izango dira horietako batzuk. Europa mailako ekimenean aurten Txekia, Portugal eta Hungariak hartuko dute parte. 

Hango eta hemengo familiak.  Datorren azaroaren 17an eta eguerdiko ordu biak inguru, bertako familia batek atzerritik etorritako beste batekin konpartituko du mahaia, bazkaria eta jakin mina. Ospakizuna, bietako baten etxean izando da. Berriro, etxekoen arteko giroa   elkarren artean hurbildu eta hitz orduaz gozatzeko.

Bigarren urte honetan Euskal Herri osora zabaltzeaz gain, Bizilagunakek berriz ere familiaren eredu zabal, malgu eta parte hartzaileenari ezagumena egiten dio. Beraz, uler bedi familia bere burua horrela ikusten duen edozein unitate, partaideak edozein izanda ere: ama ezkongabeak, emakume-bikoteak, gizon-bikoteak, gizon-emakume bikoteak, seme-alabekin edo gabe, aiton-amonak ilobekin… bizitza konpartitzen duten pertsonak alegia. Euskal gizartearen aniztasuna zentzu zabalenean islatzeko aukera ere badelako Bizilagunak. Ez da faltako bazkariko dinamizatzailea. Bere lana izango da familiak aurkeztu eta hasiera girotzea, behar izanez gero... 

Ezagunak ere bai. Aurten ere bat egingo dute gizarteko pertsona esanguratsu eta hainbat erakundeetako partaidek, horrela gizarte-kohesioa bilatzen duen ekimenari bere sostengua emanez. 

Besteak beste, baieztatu dute hitzordua: Jon Maia dantzaria, Garbiñe Biurrun epailea, J.K. Izagirre (Donostiako alkatea),  Ibai Iriarte (Tolosako alkatea), J.M Ferradas (Errenteriako zinegotzia), Xabier Pombo (Pasaiako zinegotzia), Rafaela Romero (Gipuzkoako Batzarkidea),  Kristian Pielhoff telebista aurkezle eta gidaria, Naiara S. Pedro (Donostiako berdintasun eta aniztasun zinegotzia), Jon Albizu (Donostiako Ongizate zinegotzia), Luis Intxauspe (Hernaniko alkatea)… eta mahaikideak batzen doaz...

Ekimenaren helburua. Elkarren arteko topaketa, mahaia eta bazkaria konpartitu -beti ere parada ezin hobea hitzordua arrakastatsua izan dadin-,  egunerokotasunean elkarren ondoan baina nahasten ez diren errealitateak eta pertsonak hurbilduz. Aurreitziak ezabatzen lagundu. Eta horretarako, hoberena ezagutzea da. 

Azken finean, gehienetan entzundakoagatik edo esan digutenagatik, beraz, azaletik baino ezagutzen ez ditugunengana hurbiltzeko aukera da. Alegia, ezezaguna zaigun errealitatea ulertu ahal izateko darabilzkigun lau ideia horietatik irtenik. Jarrera arrazista eta xenofoboak eragin ditzaketen aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruetatik ateratzeko saiakera, alegia. 

Asko garelako bertakoak edo atzerritarrak, bestea ezagutu nahi dugunak baina ez dakigunak nola hurreratu, ez dugunak aukera edo lekua topatzen.  SOS Arrazakerian uste dugu, eta hala baieztatu ziguten iazko bazkariekin, pentsamoldeak zabaldu eta guztiok hein handi edo txikian ditugun aurreiritziekin mozteko modu eraginkorrena dela zuzeneko eta hurbileko harremana, bizipen berriak izatea.  

Ikusi dugu jende berria ezagutu eta beraiekin ordu batzuk konpartituz, bazkaritxo bat bada ere, une gozo eta aberasgarriak bizi ditzakegula. 

Horregatik menua errepikatuko dugu. Bizilagunaken parte hartzen dutenek aitzakia ezin hobea topatu dute bestelako jatorri, kultura edo ikusmoldeak dituztenei buruzko jakinmina ase, ezagutu eta konpartitzeko. Ikusi elkarren artean gauza ugari desberdinak ditugula, beste hainbat berberak diren bezalaxe. 

Beraz, asko deskubritzeko zeregin txikiaren truke: Ordu pare bat konpainia onean pasatzeko gogoa. Hortik aurrera, aukera guztiak irekiak daude. Hasteko, iaz parte hartu zuten familia ugarik aurten ere aukera berdina egin dute. 

Ekimenaren jatorria. Jelena Siljadžić, Slovo21 Txekian ekimena martxan jarri zuen elkarteko zuzendaria da. Berak asmatu zuen Bizilagunak, “Pragan bertako emakume batekin izan nuen oso solasaldi desatsegin batean, nire jatorri atzerritarraz biraoka hasi baitzen”.  “Etxera oso atsekabetuta bueltatu nintzen, buruan jarrera eta aurreritzi horiei nola aurre egin besterik ez nuela. Pentsatzen nuen emakume hark ezagutu izan banindu ez zukeela horrela hitz egingo, atzerritarrekiko zuen uste txarra aldatuko zela”. 

Hala eta lo egin eziniko gauaren erdian, Jelenari ideia otu zitzaion. Topaketa bultzatu behar zen. Eta bazkari goxo bat, etxean, lagunartean baino topaketa hoberik ba al da? Topaketa jendetsuak eta toki publikoetatik urrun oraingoan, harremanak estutzea ez baita izaten hain erraza… Esan eta egin. 

Eta SOS Arrazakeriak 2012an hala dela frogatu genuen. Horregatik zabaltzen diegu atea toki eta familia gehiagori. Elkarrekin bizitzeko erak bilatzen jarraitzen dugulako. 

Nola parte hartu?

Sartu www.mugak.eu, sakatu Bizilagunak eta bete orria. 

Deitu 943 32 18 11

Idatzi info@mugak.org

Bazkaria non? Familietako baten etxean. Aukeratu gonbidatu nahi duzun, gonbidatua izan edo berdin zaizun. 

Bazkariaren egunean. 

Gonbidatzen dutenek sukaldatuko dute. Hobe bere herrialdeko jakiren bat. 

Bitartean dinamizatzailea gonbidatuekin etorriko da, aurkezpenak egin eta hasiko da ospakizuna. 

Postrea. Bazkari bereziaren ondotik mahaiburukoa ere antzekoa behar duenez… azaroaren Azaroaren 23an, larunbata, Donostiako Victoria Eugenian elkartuko gara guztiok Gipuzkoa Solidarioa IV. ospatzeko. 

2012an parte hartu zuten eta diote:

Haritz eta Meritxell (Donostia): “Hasieran ordu pare bateko asuntua zen, beste herrialde bateko norbaitekin bazkaria eta solasaldia”. “Parte hartu aurretik eta ondoren nahikotxo hitz egin genuen elkarren artean” dio Haritzek. “Ez gara jabetzen inguruan ditugun pertsonok nola bizi diren. Ez dakizu bere ohiturarik nolakoak diren… edo paperak lortzeko dituzten arazoak. Harrigarria da Legea nola ezagutzen duten, baina beharko!”

Ayaz (Pakistan-Donostia): Haritz eta Meritxellekin bazkaldu zuen eta “zoragarria” izan zen. 

Vanessa (Eibar). Psikologoa da eta Lehen Hezkuntzako irakaslea. Bera eta Mikel lagunak bazkaltzeko erabakia hartu zuten “beste nonbaiteko norbaitekin bazkaltzea oso aberasgarria izan daitekeelako, ia etxetik mugitu gabe”. Aurreiritziekin mozteko ere oso eraginkorra ikusten du. “Gure ikastetxean ere etorkinak ez direla integratzen entzuten da eta galdetzen diot nere buruari ez ote diren gure aurreiritziak, ez ote garen arrazista samarrak…”

Gina eta alaba (Ecuador-Eibar). “Iritsi nintzenean eskertu izango nuke horrelako ekimena jendea ezagutu ahal izateko. Oso baliagarria deritzot integratu ahal izateko. Eta alaba dudanez, aurreiritzirik gabe hazi dadin nahi dut”.  

Francisco (Peru-Hernani). Emaztea eta bi alabekin parte hartu zuen. Ez du “bazterkeria zuzena” jasan eta “argi” du Bizilagunaken ez duela atzerritarren aurkako jarrerarik duenik parte hartuko. 

Patricia (Argentina-Zarautz). “Ez naiz tabernazalea eta bestela zaila da jendea ezagutzea, horregatik aukera ona dela deritzot”. 

Olatz (Irun). “Atzerrian bizi izan naiz eta ez da erraza. Lan egiten duen ume baten ama naizenez, askotan galdetzen diot nere buruari nola konpontzen diren egoera berberan baina hemen familiarik gabe dauden pertsonak”. 

Garbiñe Biurrun (Tolosa). Epailea “oso gustora” ibili zen. 

Begoña (Astigarraga). “Atzerritarrak beste maila sozilean ikusten ditut, urrun, hor daude baina ez dituzu gertu. Horregatik hau aukera da, zuzenean ezagutzeko, zu bezalako pertsonak direla ikusi eta arrazoi desberdinengatik hona etorri behar izan dutenak”. 

Etiquetas: