Uztailak 2ko mobilizazioa. ADEGI LAPURRAK! Enpleguaren defentsan HITZARMENAK ORAIN

kartelaEuskal Herriko herritarren  pobretze prozesua aurrera doa, langabezia tasak izugarriak dira, lana egiteak gaur egun ez du bermatzen pobrezia egoeratik ateratzea, eta egiten diren kontratazio berriak prekarietate baldintzetan egiten dira.
Egoera honen gordintasuna bereziki pairatzen duten kolektiboa da gazteria, zeintzuk bi alternatiba bakarrik dituzten: kanpora joan edo prekarietatean bizi. Emakumeon egoera ere ez da xamurragoa, merkatuari interesatzen ez zaizkion lan erreproduktiboetara kondenatua edota lanaldi partzialekin bizitzera behartuak. Egoera gogorrean aurkitzen dira ere denbora luzez langabezian egon eta lan mundura sartzeko geroz eta aukera mugatuagoak dituzten 45 urtetik gorako langileak, besteren artean.

Negoziazioa kolektiboaren blokeoak errealitate gordin honen sakontzea dakar. Patronalak sektore ezberdinen negoziaketa blokeatuta dauka, langileoi eskubideak lapurtzeko asmo orokorraz. Baina bereziki aipatzekoa da adegiren jarrera erasokorra. “Enpresa eredu berria” aldarrikatzen duen bitartean negoziazio kolektiboa ezeztatzen dihardu, blokeo horrek lan harremanen desarauketaren bidean laguntzen diolako. Ondorioz, Euskal Herriko soldatek, sortzen ari den aberastasunarekiko geroz eta pisu gutxiago daukate, eta errealitate hau geroz eta nabarmenagoa izango da denborarekin langileei euren esparruetan hitzarmen duinak negoziatzeko eskubidea ukatzen jarraitzen bazaie. Negoziazio kolektiboa ezinbesteko tresna da aberastasunaren banaketa justoago bat lortzeko,  enplegu duinaren defentsarako eta pobreziari mugak jartzeko.

Geroz eta nabariagoa da, egun agintzen duten patronalek ez dutela herri honetako klase enpresariala ordezkatzen, ez dietela ekonomia errealaren beharrei aurre egiten. Enpresari ertain, txikiak, autonomoak... ezinegona areagotzen ari da, enpresa sinergiak bilatu ordez euren arteko lehia nagusitzeko bidea egiten ari direlako, lan harremanak desarautuz lan kostuen etengabeko merketzeaz kontsumo eta enplegua kaltetuz.
Baina patronalaren jarrera hau ez litzateke posible izango Jaurlaritza-PNVren babes sozialik gabe, hots, eredu soziekonomikoan bat egingo ez balute.  Gipuzkoan ematen ari den ereduen talka nabariagoa da, paradoxa bat emanez: adegi, sekulako esfortzua egiten ari da gipuzkoa hondamendian dagoela esanez, baina datu makroekonomikoek beste gauza bat diote, non langabezia tasa txikiena dugun, sare produktibo eraginkorrena, lan baldintza hobeak, sarrera fiskalak gora doaz...

Bada garaia Patronalari plantoa egiteko, babes soziala kendu eta bakardadean uzteko, horiek direlako probreziaren zabalkuntzaren erantzuleak. Euskal Herriko langileek behar dituzten lan baldintzak eta Euskal Herriko gizarteak behar dituen lan harremanak ezin dira epaitegietan erabaki Adegik nahi duen bezala. Hemengo lan harremanak hemen erabakitzeko eskubidea eduki behar dugu.

Haatik, eremu politiko-instituzionala ezin da eztabaida honetatik kanpo. Negoziazio kolektiboa aberastasuna banatzeko tresna den heinean, gizarteak edukiko duen kontsumorako gaitasuna eta kohesio soziala bera dago jokoan, krisi honetatik nola aterako garen dago jokoan.

Horregatik, Oarso bidasoako ezker abertzaleak, dei egiten ditu herritarrak uztailaren 2an mobilizatzera, gipuzkoako eredu ekonomiko-politikoen talka agerian utzi eta negoziazio kolektiboaren defentsan kalera atera daitezen. Halaber, udaletxeetan mozioak sartuko ditugu gure udaletako ordezkariek jarrera defini dezaten.

Uztailak 2:

  • 11:00etan donostian
  • 19:30ean oreretako herriko plazan

plenoa:

  • uztailak 17, 18:00tan oreretan.


OARSO-BIDASOAKO ERNAI, LAB eta SORTU

Etiquetas: