Ehun entitatek indarrak batu dituzte Emakundek antolatutako XI Berdintasun gunean

foto

Urriaren 1a eta azaroaren 30a bitartean ospatuko den 2014ko Berdintasunerako Guneak berdintasunaren inguruan ekintzak antolatuko dituzten ia ehun entitateen indarrak batzea lortu du “Berdintasunarekin aurrera goaz. Eman pausoa” lelopean. Ehun ekintza inguru daude iragarrita, Emakunderen koordinaziopean, eta aurten berrikuntza batekin: autobus ibiltari bat erabiliko da gunearen egoitza moduan. Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da.

Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004. urtean Berdintasunerako Gunea. Azkeneko edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute.

Aurtengo leloa “Berdintasunarekin aurrera goaz. Eman pausoa” da eta gai hau ardatz hartuta 92 entitate ezberdinek beste horrenbeste ekintza antolatu dituzte Euskal Herriko herria eta hiriburu ezberdinetanurriaren 1a eta azaroaren 30a bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar, daude. Eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar.

 

Autobus ibiltaria

Aurtengo berritasuna gunearen hainbat ekintzen gune izango den autobus ibiltari bat izango da. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, autobusa eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izango da.

Unitate mugikorraren perimetroa berdintasunaren inguruko erakusketa baterako erabili da. Era honetara, alde batean “Berdintasun ezaren bidea” azaltzen da, hau da, bizitzan zehar neska eta mutilak eta emakume eta gizonak Berdintasun ezarantz gidatzen dituen sozializazio prozesua azaltzen saiatzen da erakusketa. Eta, beste aldean, EAEn berdintasunaren alde lan egiten duten persona eta erakundeak asko direla erakutsi nahi da. “Pausoak berdintasunerantz” izenburua du erakusketaren alde honek.

Autobusaren erdigunea eskoletako neska mutilekin hainbat ekintza egiteko erabiliko da. Ekintza hauetan, neska mutilek aztertuko dute, besteak beste, publizitatean, komunikabideetan eta zinean ematen den sexismoa.

Nagusientzako sentsibilizaio ekintzak ere antolatu dira eta hauek Berdintasun ezaren zenbakietan zentratuko dira (zaintza eta etxeko lanak, soldata eta pobrezia) eta eguneroko bizitzan ematen diren diskriminazio edo berdintasun eza egoerak aztertu eta hauen inguruan hausnarketa egingo da.

Espezializatutako bi monitore egongo dira autobusean eta une oro gidatuko dute bisitarien egonaldia. Hasteko, urriaren1ean Bilboko Doña Casilda parkean izango da autobusa, urriaren 2an Donostiako Alderdi Ederren eta urriaren 3an Langraitzen. Autobusa Euskadiko hiri eta herri ezberdinetatik ibiliko da bi hilabetez.

Urriko programa

Etiquetas: