Erabakitzeko eskubidearen aldeko mosaiko erraldoia Zurriolan

15553878889_97aeab1158_oDakizuen moduan, ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDEKO mosaiko erraldoia egin dugu gaur Zurriolan.

Eskoziarrak zoriontzeko, kataluniarrak animatzeko, baina batez ere, guk ere erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugula.
Euskaldunok geure hautetsontzia daukagu eraikitzeko, eta hori irudikatu dugu gaurko mosaikoarekin.

Hona hemen mosaikoaren sekuentziaren azalpena:

  • Eskoziako eta Kataluniako banderak: zorionak eskoziarrei, animo kataluniarrei!
  • Orri zuria: euskaldunok eraikitzeko daukagunaren metafora modura. Dena daukagu idazteko!
  • Beltzez hautetsontzia: denon artean eraikitzeko daukagun hautetsontzia da hori, guztion topalekua izan nahi duena. Elkarrekin eraikiko duguna
  • GURE ESKU DAGO!

Angel Oiarbideren hitzartzea

Pertsona orok du erabakitzeko eskubidea eta herri denek dute euren etorkizunaz eerabakitzeko eskubidea. Hori baita normalena, erabaki ahal izatea baita normalena.

Zorionak eskoziarrei bateko eta besteko borondateak elkar lotzen asmatu dutelako eta ezinezkoa zirudiena munduko gauzarik normalena dela erakustearren. Eta animo, besarkada eta animo Kataluniako herritarrei. Erakutsi diguten arren, animo behar handirik ez dutela... Endavant! Ez dugu zalantzarik, eta inork ez du zalantzarik, jada, euren etorkizunaz eurek erabakiko dutela!

Erabakitzea, honezkero, ez da ezer arraroa, ez da ezinezkoa, ez da debekatzen duen legearen menpeko.

Erabakitzea posible da, eta gainera hori da normalena. Herritarren borondatea lehenbizi, legea gero.

Erabakiak batu egiten baitu, borondateak elkartzen ditu, gatazkak gainditzen ditu, herritarrak batzen ditu eta pertsonak elkartzen, herriak batzen ditu. Erabakitzea norberaren etorkizunaren jabe izatea besterik ez baita.

15741300992_6c149eb706_oHerri honek ere erabakiko du bere etorkizuna eta hori noiz eta nola egingo duen, bereziki eta batez ere, herri hau osatzen dugun herritarron esku dago. Ezinikusia zegoen lekuan konfiantza eraiki behar dugu, elkarlana kontrakotasuna zegoen lekuan, denok batera eraikiko dugun etorkizun komun bat.

Horretarako, herri honek bere hautetsontzi propioa eraiki behar du, herri honetako pentsaera oro elkartuko duen ontzia. Hautetsontzi horren bueltan eraiki ahalko baitugu adostasuna, herri honek ere bere etorkizunaz erabaki ahal dezan.

Este pueblo debe construir su propia urna, una urna que una a todas las sensibilidades de este país, a personas de toda clase y condición. Una urna en torno a la cual consigamos tejer acuerdos suficientes para posibilitar que también este pueblo, más pronto que tarde, decida su futuro.

Hau, duda izpirik gabe, erabakitzeko eskubidearen udaberria da.

Erabakiak batu egiten duelako, demokrazia baita bete-betean eta erabakitzea beti delako demokratikoa, edonon, edonork, edonoiz. Gure esku dago!

Etiquetas: