IRPHari ETA KUTXABANKEN KUDEAKETARI MAKROEPAIKETA. 30 SALAKETA KUTXABANKEN AURKA IRPH APLIKATZEAGATIK. KALTETURIKO FAMILIEK XABIER ITURBEREN DIMISIOA EXIJITZEN DUTE, ETA PNV, PSE ETA PPri GALDETZEN DIETE ZENBAT EPAI BEHARKO DIREN
IRPH STOP. Donostia – 2014-11-10. IRPHa abusuzko erreferentzia indize bat da, milaka familiaren ekonomian eragin oso kaltegarriak dituena eta kasu askotan etxegabetzea ere ekarri izan duena.
Kutxabankek IRPH Entidades aplikatzen jarraitzen du, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan. Gainera, IRPH Cajas aplikatzea ahal duen guztia luzatu du. Aldaera hau orain dela urte bete baino gehiago desagertu zen baina Kutxabankek duela egun gutxi arte aplikatu du. Horretarako, Kutxabankek erakundeetatik jaso dituen deialdiei entzungor egin die.
Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta hogeita hamar udaletxe baino gehiagok duela urte bete baino gehiago eskatu zioten Kutxabanki IRPHa aplikatzeari uzteko, baina Xabier Iturbe nahiago izan du muzin egitea. Eskaera hau Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Donostiako Udaletik ere iritsi zaio, biak ere Kutxaren erakunde sortzaile direlarik, eta beraz Xabier Iturberen kudeaketaren axolagabekeria nabaria da.
Kutxabankek IRPH aplikatzea immorala da beraz, eta orain legez kanpokoa ere badela frogatu ahal izan dugu. Hiru dira dagoeneko gure talde juridikoak, Maite Ortiz eta José María Erauskinek zuzenduta, lortu dituen epaiak. Hiru kasuetan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».
Gaur epaitegi hauetan IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideok Kutxabanken aurka jarri ditugun 30 salaketei dagozkien aurretiko bistak ospatuko dira. Beraz laster ez dira 3 izango Kutxabank zigortzen duten epaiak, 33 baizik.
30 familia hauetariko 29ri dagoeneko Euribor+1 aplikatzen digute IRPH Cajas indizearen ordezko bezala, baina gure maileguan zehar IRPHaren aplikazioarekin lapurtu diguten guztia itzultzea exijitzen dugu. Horixe da epaitegiek dagoeneko hiru aldiz ebatzi dutena.
Bestalde, gure adiskide Marianek IRPH Entidades aldaeraren aplikazioa bertan behera uztea exijitzen du, hau ere abusuzkoa baita. Gainera, indize honi esker Kutxabankek Marian eta bere hiru seme-alabei Donostian duten babes ofizialeko etxebizitza lapurtzeko bere asmoa lortzeko arriskua dago.
Gaurkoa, beraz, IRPHaren aurkako makroepaiketa bat izango da, baina baita Xabier Iturberen eta IRPHarekin egin duen kudeaketaren aurkakoa ere. Xabier Iturberen ustez kudeaketa hau «bikaina» da. Xabier Iturbe gipuzkoar guztiok helburu sozialekin sortu genuen aurrezki kutxa hiritarrok epaitegietara eramatera behartzen gaituen entitate bihurtzearen errudun da. Eta epaitegietan jasotzen ari den zigor sortak ez dio dimisioa beste irtenbiderik uzten.
PNV, PSE eta PP, Kutxabanken kudeaketaren erantzule politiko direnak, lapurreta honen errudun dira baita ere, eta sinesgaitza badirudi ere IRPH defendatzen jarraitzen dute. Pasa den astean hiru alderdi hauek berriz ere botoak elkartu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusitan, IRPHaren kaltetuontzako justizia eskatzen zuen ebazpen bat onartua izan ez zedin. PNV, PSE eta PPk argitu beharko lukete zenbat epai behar dituzten amore eman eta kaltetuok zigortzeari utzi diezaioten. Gipuzkoan hamar milatik gora eta estatuan milioitik gora garen familia kaltetuoi hain zuzen ere.
Gaur hemen gauden 30 familiok finantza-entitate guztiek IRPH guztiekin kalteturiko familia guztientzat justizia exijitzen dugu. Eta justizia hori lortzeko epaitegietara jo beharra izaten azkenak izan nahi dugu.
Posible da.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1057 irakurketak
- Castellano