Kaleratzeak STOP eta IRPH STOP-ek Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxaren inguruan eginiko proposamena positiboki baloratzen dute

logotipoAraba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta Gipuzkoako IRPH Stop elkarteek modu positiboan baloratzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxaren izaera publikoa eta soziala mantentzeko irailaren 10ean ezagutzera eman zuen proposamena.

Elkarte hauek, milaka hipotekadun, IRPHaren kaltedun eta fede oneko zordunekin batera, aurkako jarrera mantentzen dugu PNV, PSE eta PP-k abian jarri dituzten Kutxabanken pribatizazio, euskal kutxen likidazio eta gizarte ekintzaren deuseztearen aurrean. Legea jarri dute aitzakiatzat, baina iadanik frogatu da gezurretan ari direla.

Aurrezki kutxak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarron aurrezki, nomina eta pentsioekin sortu eta mantendu dira, eta izaera guztiz publiko eta helburu sozialarekin izan ziren sortuak. Behean sinatzen dugun elkarteok berehala eta uneoro salatu dugu printzipio hauekiko izan duten urruntzea, kaleratzeak, etxea ordainetan ez hartzea, alokairu soziala ukatzea eta IRPHa bezalako klausula abusuzko eta ilegalak aplikatzea tarteko. Eta orain ere ez gara ixilduko: gizartearen zati garenez, geurea dena defendatuko dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxaren izaera publiko eta soziala mantentzeko aurkeztu duen proposamenari ongietorria ematen diogu, eta proposamen hau eztabaidatu ahal izatea exijitzen dugu.

Hipotekadun bezeroek, IRPHaren kaltedunek, aurrezleek, pymeek eta gizarteak oro har, gure kutxek suposatzen duten ondare publikoaren jabe diren heinean, proposamena eztabaidatzeko eskubidea dute. Eztabaida hau emango bada, Kutxa banku-fundazio bilakatzearen prozesua berehala eten behar da, eta horregatik exijitzen diegu PNV, PSE eta PPri datorren irailaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusitan balizko banku-fundazio horren patronoak izendatzeko duten plana berehala baztertzeko.

Araba eta Bizkaiaren kasuan Vital eta BBK banku-fundazio bihurtzearen prozesua putxerazo hutsa dela uste dugu, eta berehalako atzerapausuak exijitzen ditugu, gure kutxen izaera publiko eta soziala bermatuko duten irtenbideak hartu ahal izateko. Gure ondarea 15 pertsonen eskutan utzi dute, gizartearen aurrean inolako azalpenik emateko betebeharrik izango ez luketenak eta gainera euren ordezkoak inongo kontrol publikorik gabe izendatuko lituzketenak.

Horregatik guztiagatik, behean sinatzen dugun elkarteok bat egingo dugu Kutxabanken pribatizazioaren uarkako plataformatik deituko diren ekimen eta mobilizazio guztiekin. Hain zuzen ere irailaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean eta, egun berean ospatuko balitz, Kutxaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, Garibai kalean.

BAI, POSIBLE DA.

Etiquetas: