Ustez Goardia Zibilaren bengala batek Jaizkibelen piztu zuen sutea Fiskaltzan salatu du Eguzkik

Eguzki-. Martxoaren 10ean Jaizkibelgo eremu babestu batean sute bat sortu zutenen kontrako salaketa jarri du Eguzkik Fiskaltzan. Ustez, tiro eremuan praktikak egiten ari ziren goardia zibilek jaurtitako bengala batek piztu zuen eta 5,5 hektarea kiskali zituen.

Eguzkik fiskalari eskatu dio behar diren informazioak biltzeko eta, horien arabera, erantzukizun penal zein zibilak argitzeko.

Eguzkiokok berriro esan beharrean gara tiro eremu batek ez duela lekurik Jaizkibelen, hau da, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu batean. Izan ere, tiroa eta ariketa militarrak ez dira bateragarriak kontserbazio helburuekin, oraingoan ere argi eta garbi geratu den bezala. Beraz, tiro eremua lehenbailehen eraitsi behar dela berresten dugu. Baina, eraitsi bitartean, ez da logikoa behar bezalako prebentzio neurririk ere ez hartzea. Horregatik eremuaren erantzuleei protokolo zorrotza eta eragingarria ezartzea eskatzen dugu, eta, hori egin ezean, praktikak debekatzea.

Foru Aldundiak informatu duenez, Pasaiako Amaotz parajeko flora eta faunari kalte egin dion sutea 11ak aldera hasi zen. Inguru hartan praktikak egiten ari baitzen, Goardia Zibilak berak SOS Deiak-i abisatu zion. Basozain zein suhiltzaileak bertaratu ziren, baina, beren segurtasuna kolokan ikusi zuten, Goardia Zibilak praktikak egiten jarraitzen baitzituen. Intxaurrondora deitu behar izan zuten, maniobrak behin-behinean, behintzat, bertan behera uzteko. Hala egin zuten sutea itzali arte, 15.30ak aldera.

Etiquetas: