Abenduaren 10ean dispertsioaren aurkako zapi kateak deitu ditu Etxerat elkarteak

20141119_113753Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Indiatik, Irakera, Saharatik Palestinara, Giza Eskubideen Eguna. Egun berezia da Giza Eskubideen eguna hemen gauden guztiontzat. Bereziak, astebururo, uneoro, gure eskubideak eta hainbeste maite ditugun senide eta lagunena, urratuak direlako, sistematikoki. Euskal Herrian, testuinguru politiko berri honetan, oraindik ere, eskubide urraketa sistematikoak ematen ari direlako.

Urte luzeak dirauen gatazka honen zuzeneko biolentzia eta erasoa pairatzen ari garen bakarrak egun gu gara;euskal preso politikoen lagun eta senideentzako ez da garai berririk oraindik. Gure senideak lehen bezain urrun ala lehen baino urrunago daude kasu askotan. Ezagutu berri dugun Alicia Sáenz de Lacuesta presoaren Logroñotik Castellorako trasladoa bezalako mendekuaz ari baikara. Urruntze argi eta garbia.

Guri, astebururo, milaka eta milaka kilometro egitera behartzen gaituzte. Urduritasuna, nekea eta tentsioa dira, horren ondorioz, gure eguneroko ogia. Baina ez hori bakarrik. Larriki eri dauden presoen aurkako espetxe politika krudela eta basatia da, erabateko isolamendu egoerak bere horretan jarraitzen dute, presoen aurkako eraso fisikoak, edota katxeo eta jazarpenak guretzako. Dispertsioaz gain, beste hamaika mendeku. Giza Eskubideen aurkako erasoak; astero, uneoro, sistematikoki. 25 urte hauetan, 16 hildako eragin ditu dispertsioak. Ehunka zauritu, jazotako istripuetan. Aitortzarik inoiz izan ez duten biktimak. Aurten bakarrik, hamar izan dira dispertsioak eragin dituen istripuak. Zein helbururekin? Noren mesedetan? dispertsio politikaren beste biktimarik egongo ez denik, inork ezin ziurta dakiguke... hori da gure errealitate gordina.

Horregatik, hau guztia salatzeko, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean ekimen berri bat abiatuko dugu Abenduaren 10-ean Zapi Kateak osatuko ditugu Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Herri honetan ematen diren Giza Eskubideen urraketak salatzeko, ezagutarazteko, kalean islatzeko. Etxeraten bereizgarria den zapia heltzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritar oro. Giza eskubideen urraketen aurka dagoen orok zita bat du Gasteizen, Bilbon edo Baionan egingo diren Zapi Kate berezi hauetan.

Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak; sortu ditzagun, guztion artean, giza eskubide guztien aldeko zapi kateak. Elkartasunaren kateak. Salaketa eta konpromisoaren kateak. DISPERTSIOAREN AURKAKO ZAPI-KATEAK.

Esan bezala, hiru deialdi luzatu nahi ditugu. Baionan, Renne Cassin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren karta-ren egilea jaio zen etxetik, Baionako Herriko Etxera osatuko dugu zapi katea, arratsaldeko 18.30-etan.

Iruñean, Legebiltzarrean, goizeko 12.00etan.

Gasteizkoa izango da zapi katerik luzeena. Fray Francisco de Vitoria pasealekuan dagoen Espainiako Gobernuko Delegaritzaren aurretik hasi, Ajuria Enea aurretik igaro eta EAEko Legebiltzarreraino iritsiko baita zapi katea.

Hauetan parte hartzera deitzen dugu euskal gizartea. Parte hartu giza eskubideen urraketa etengabekoa dela plazaratzeko. Horregatik, deialdi berezia luzatu nahi diogu euskal gizarteari ekimen berri honetan parte hartzeko. Dispertsioarekin amaitu behar dugulako. Dispertsioa salatu egin behar dugulako. Giza Eskubideen aurkako erasoei amaiera jarri behar diegulako.

Hartu zapiaren beste aldea. Baionan, Iruñean edo Gasteizen.

Ekimen nazional honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritar guztiak.

Etiquetas: