Sinbologia frankistaren irudiak oraindik Irunen

simbolo01Irungo EH Bildu.- Azaroak 20 honetan, Espainian eta ondorioz Euskal Herrian ia 40 urtez egondako diktaduraren burua hil zen egun honetan, Irunen oraindik atari batzuetan dauden plakak kendu gabe daudela adierazi nahi dugu.

Iaz, gure taldeak erregistroan, zenbait batzordeetan eta komunikabideen bidez hainbat eskaera egin zituen. Gainera garai horretan Eusko Jaurlaritzak ateratako dokumentu baten berri ere eduki genuen.

Irungo kaleetan genituen izen batzuk kentzea lortu genuen, nahiz eta oraindik baten bat geratzen den, Mourlane Michelenarena. Hau aldatzeko asmoa dugula adierazi nahi dugu.

Horretaz gain, gure kaleetako etxe atarietan oraindik ere garai hartako plakak aurkitzen dira, etxebizitza ministerioak jarritakoak. Horiek erretiratzeko eskaera egin genuen iaz eta aurten urriko osoko bilkuran zerbait aurreratu den galdetu genuen. Urte bete pasa da eta erantzuna iazko berdina, pribatuekin hitz egin behar da eta horrek lana dakar, finean ez da aurrera pausurik eman.

Udal hau gobernatzen duen alderdi sozialistari gai honi heldu diezaion eskatu nahi diogu, memoria historikoaren legeak, eusko jaurlaritzak egindako dokumentuak, herri eragile eta herritarrek eskatutakoari erantzuna emateko. Egin ditzala egin beharreko tramiteak eta beste askotan legeak behartzen diena betetzen duten moduan oraingo honetan ere egin dezatela.

Horregatik, asteazkeneko osoko bilkuran mozioa bat aurkeztuko dugu, urte batean buruan, 2015eko azaroaren 20rako, udalbatzak, gisa honetako sinbologia guztia kenduta egoteko konpromisoa har dezan.

Etiquetas: