Aupa Aitortxu!!

argazkia

Ametsetako mundutik jeitsia ezagutu ginen: ikastolan, kalean, Lakaxitan, Galizan eta Kubako portuetan, zein xaguxar artean lagun gaituzu.

Sagardo Kofradian kofrade nagusia zara. Likor kafearen enbaxadorea. Irundarrak likor-zale bilakatu dituena bezala gogoratua izango zarela diozu askotan. Jantoki begetako txef-a. Lakaxitako botileroa. Jaizkibel Amaharri egitasmoan bultzada-haizea eta gida-argia, haize-arrosa eta hego-itsasoetako izar distiratsua. Amalurraren defentsarako irudigile irudimentsua eta hainbat herri-ziztadetan kolorea eta festa-kutsua lortzeko gai dena.

Irungo eskaparate guztietan islatu da zure irudi dotorea, zure belarritakoa, haizeak kulunkaturiko zure adatsa beltz kixkurra eta zintzarriz apainduriko zapia. Betaurrekoekin oso guapo zaude, Aitor!! Jantzi itzazu!!

Atzo Galea Haitzmutur gainetik hegan joan zinen zure belaontzian, umetan amesturiko irla desertura, ortziko albatros, alkatraz eta izurde jauzilarien alboan, izarren hauts-haizean, zure adats beltza airean, betirako bidean. Tinko eutsiz lera! Mugaezinean libre!!

Gure bizitzan zaude, mingotsetik pozera lagun gaitzazu.

Askatasunaren itsasoetan bidai ona izan, kapitain pirata!! 

"Lagunak, Jaizkibel Amaharri eta Lakaxita" 

argazkia

Etiquetas: