JAUZIA: Euskal kirol selekzioen ofizialtasuna hauspotzeko ekimen berria

JAUZIA OFIZIALTASUNERA.-  Abenduan Euskal Herriko futbol selekzioek Kataluniako taldeen aurka jokatu behar dituzten partidak direla-eta, herritar talde batek ofizialtasunaren aldeko aldarriari hauspo berritzailea eskaini nahi dio. Azken asteetan Bilboko Kafe Antzokian egindako bilera irekien ondoren JAUZIA ekimena abiaraztea erabaki dugu. Ekimen honek gainera ez du soilik futbola erreferentziatzat hartzen, edozein kirol eta diziplinetan, Europako zein Munduko txapelketetan edo Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan Euskal Herriko edo Kataluniako selekzioak berdintasunean parte hartzen ikusi nahi ditugu.


Oraindik abiatzen fasean gaude, kirolari ezberdinekin harremanak egiten eta aurrera urratsak eman nahian. Salto egiteko tenorean gaudela uste dugu, aurrera egiteko garaia da. Ikuspegi transbertsala eta identitate anitzeko pertsonek babesten duten eskakizuna da hau. Errespetuan, hautaketa libre eta pertsonalean eta inposaketarik gabeko aldarria.

Kirolaren baloreetatik lan egin nahi dugu, elkarlana, elkartasuna, komuneko esfortzua, errespetua eta enpatia ardatz hartuta. Bidea gaian zeresana duten eragile guztiekin batera egin nahi dugu: Herritarrak, kirolariak, elkarteak, federazioak eta bestelako instituzioak. Batzen gaituen helburuak lortu eta harremanak indartu eta gaurkotzeko parte hartze mekanismoak sortuko ditugu.

Horiek horrela, nazioarteko sona izan duen leloa izango dugu ardatz: ONE COUNTRY, ONE TEAM (Herri bat, talde bat; Un país, un equip; Un país, un equipo; Une pays, un équipe), 1995an, Hegoa Afrikako errugby selekzioak Apartheid-aren ondorengo lehen munduko txapelketan erabili zuena. Integrazioa, parte hartzea eta atxikimendua bilatzen duena.

Hurrengo egunetan ekimenaren inguruko berri gehiago eskainiko dizkizuegu, aurkezpen ofizialaren data, ordua eta lekua, zein jasotako lehen babesak.

Etiquetas: