Arartekoak, Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Alardeetan berdintasuna errespetatzeko lanean jarraitu beharra azpimarratu dute

fotoBerdintasun Zuzendaritza Nagusia.- Arartekoak, Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak balorazio bateratu bat egin dute gaur, eta bertan beren nahigabea adierazi dute, aurten ere Irungo eta Hondarribiko alardeak ezin izan direlako normaltasun giroan ospatu, eta emakumeek eta gizonek berdintasunez desfilatzen duten konpainiei ez dietelako harrerarik egin udaletan alarde publikoak izan arren.

Arartekoa, Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira etengabe Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazkari irtenbidea bilatzeko. Elkarlan horretatik abiatuta, alkateei eskatu zitzaien egiteko harrera Irungo berdintasun alardeari eta Jaizkibel konpainiari, “bi herriek aspaldidanik jasaten duen gizarte enfrentamendua konpontzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzeko egoerara iristeko urrats erabakigarri gisa”.

Alardeak ospatu dira eta ez zaienez inolako harrerarik egin, hiru erakundeek adierazpen hau egiten dute:

  1. Tamalgarria iruditzen zaigu Irungo eta Hondarribiko udalek harrerarik egin ez izana emakumeek berdintasunez parte hartzeko eskubidea defendatzen duen herritarrei.

  2. Tamalgarria iruditzen zaigu bi udalek ez hartzea kontuan Hondarribian gizarteak bere iritzia ematen duenean adierazten duena Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa soziologikoaren arabera: herritarren gehiengoak, % 84ak, alardearen egungo egoerak tristura, lotsa, gogaia, asperdura, haserrea edo sumina sortarazten diola adierazten du; eta % 72ak, egungo egoerari irtenbideak bilatzea dela garrantzitsua; gainera, % 43ak nahi luke moduren bat aurkitzea emakumeek Alardean parte hartu ahal izateko.

  3. Gogorarazi nahi diegu Irungo eta Hondarribiko udalei ordezkari publiko garenok esku hartzeko betebeharra dugula konponbideak bilatzeko, entzuketa aktiboa, eztabaida kolektiboa eta akordioa bitarteko direla.

  4. Alardeen gizarte gatazka konpontzeko elkarlanean jarraitzeko borondatea berresten dugu, hiru erakundeok horrelako gatazkak konpontzen laguntzeko erantzukizuna dugulako.

  5. Irungo eta Hondarribiko udalei eskatzen diegu har dezatela beren ardura publikoa eta egin dezatela bat talde-lan honekin. Entzun egin behar diogu elkarri, hitz egin, eta akordioak lortzen saiatu.

  6.  Zorionak eman nahi dizkiogu Irungo Alarde Mistoari eta Jaizkibel Konpainiari, eta baita berdintasunezko gizarte justuago baten aldeko beren aldarrikapenekin bat egiten duten pertsona guztiei ere. 

  7. Era berean, zorionak eman nahi dizkiegu Irungo eta Hondarribiko herritarrei, emakumeak eta gizonak berdintasunez parte hartzearen aldeko gero eta txalo eta oihu gehiago entzuten direlako ekainaren 30ean eta irailaren 8an.

Etiquetas: