Urriaren 2an Kabigorriko bertso gauak hasten dira

Irunabar (Irungo Bertsoaren Bilgunea).- Iragarri bezala, bigarren aldiz jarraian, eta urriaren 2an hasita, Kabigorriko bertso gauez gozatzen hasteko aukera izango dugu berriz. Aurreko ikasturtean bezalaxe, hilabeteko lehendabiziko ostegunean izango dira saioak, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Irungo Peña kaleko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan.

Urriaren 2an Manu Goiogana irundarra, Xumai Murua baionarra, Oier Aizpurua zarauztarra eta Haritz Casabal antxotarra ariko dira bertsotan, Abel Zabala irundarrak ondutako gaiei kantari. Saioaren aurretik, eta bigarren edizio honetako saio guztietarako aurreikusia dagoen gisan, Txingudiko Bertso Eskolako edo haren jirako lagunen batek bertso berriak kantatuko ditu, aldiro egunerokoak iradoki dezakeenari jarriak. Aitor Errazkin irundarra izango da lan horri eusten lehena, “Bertso berriak, 2014-2015 bertso ikasturte berriari jarriak” sortarekin.

 Besterik ez, lagunok. Egina dizuegu eskaintza, eta ea iazko saio guztietan denon artean sortu genuen giro goxo, eder eta errespetuzkoari eusten diogun aurtengoan ere. Elkarren arrimuan, ziur baietz. Eta gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen duen aukera aparta; probatu duenak ederki daki.

Etiquetas: