Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformaren irakurketa azken egunetako erasoez

erasosexistarikeztxikiTxingudi Anti Sexista (TAS).- Hasteko eta behin, azken egunetan jasotzen ari garen eraso albiste guztiak salatu nahi ditugu, eta hauek pairatu dituzten emakumeei gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu. Tamalez, zurrumurru bezala hasi zen hori konfirmatzeko aukera izan dugu guk, gertuko lagun bat izan baita erasotuetako bat. Eraso hauen helburua emakumeak beldurtuta eta etxean egotea bada, jai du gurekin! Kalea guztiona da, eta ez dugu onartuko inork ustezko botere bat erabiltzea gu txikitu, erabili edo izutzeko.

Oso kezkatuta hasi genuen astea, lagun batek, bere erasoaren berri eman zigunean. Baina aldi berean, kezkatzen jarraitu gara sare sozialetatik bolo-bolo dabiltzan mezu alarmista eta arrazistak irakurtzen. Erasoak eman dira bai, eta informatuta egon behar dugu. Informazioa boterea da, eta honek egoera hauek aurreikusten lagundu ahal gaitu. Ez diogu gurea den herria nahi dugun bezala bizitzeari utzi behar, baina eraso hau eta besteren bat eman daitekeenaren jakitun, zenbait neurri hartu ditzakegu. Noski, erantzukizuna ez dago soilik gure eskuetan, instituzioek ere bermatu behar dute gure kaleen segurtasuna (gune arriskutsuak ekiditeko egindako diagnostikoa betetzen hasten adibidez). Aldi berean, gogor salatu nahi dugu kutsu arrazista duten mezuen zabalpena. Oraindik ere ezin dugu konfirmatu erasotzailearen deskribapena, baina jatorri konkretu batekoa izateak, bihurtzen al ditu bere jatorri bereko guztiak konplize? Erasotzailea bertan jaiotakoa denean populazio txuri guztia iraintzen eta seinalatzen hasten gara?

Beraz, mezu hauekin, arrazismoa eta alarma soziala zabaltzea besterik ez dugu lortzen, eta ez bata ez bestea ez dira inorentzako onuragarri. Beldurraren espirala elikatzea ekidin behar dugu, hain zuzen, hori baita eraso hauek bilatzen dutena, gu beldurtzea.

Kaleak, gauak, egunak, hiria… gureak dira, guztionak dira. Hasieran esan bezala, ez dugu onartuko emakumeen kontrako inolako erasorik, ez fisiko, ez berbal, ez psikologikorik. Hauei aurre egin edo hauen aurrean izan ditzakegun beldurrak ezagutzeko emakume guztiak autodefentsa feminista tailerrak egitera animatu nahi ditugu. Egoera hauen kontziente izan, eta aurre agin ahal izateko tresnak jasotzeko espazio ezin hobeak dira ikastaro hauek. Emakumeen arteko aliantzak, eta herritarren arteko elkartasunari ere dei egin nahi diogu. Noski, eta beti errepikatzen dugun moduan instituzioetatik prebentzioa eta gaiaren lanketa serioa egitera gogoraraztearena.

Ez gara etxean geratuko. Argi eta garbi esaten dugu. Eta egoera hauen aurrean, kaleak hartzea beharrezkoa dela uste dugunez, datorren larunbatean, Urtarrilak 31, kazerolada bat antolatu dugu Palmera Monteroko Ricardo Alberdi plazan  eguerdiko 12:00tan. Kaleak hartu nahi ditugu, erasoak salatu eta hemen gaudela aldarrikatu.

TAS. TXINGUDI ANTI SEXISTA: Adiskidetuak, ELA, AEK irakasleak, 15M, Auzo elkarteen Oiaso federazioa, Askapena, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, CCOO, Emeki, Asociación Republicana, Flamenco del Norte, Gaurko Andreak, Bilgune Femista, LAB, Lakaxita Gaztetxea, Tadamun, Lilis, Antifaxistak, Aukera, Antxeta Irratia/ Pausumedia, Ernai eta Duintasuna

Etiquetas: