Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiko Udalak gaur goizean egin duen Osoko Bilkuran, EH Bilduk aurkeztutako TTIP-aren aurkako mozioa eztabaidatu, eta EH Bildu, PSE eta H1eko bozei esker, onartu egin da. PPk aurkako botoa eman du eta EAJ abstenitu egin da (Irungo udalean baietz bozkatu zuen), ez omen da udalean eztabaidatu behar den gaia.
Zer da TTIP-a galdetuko du zenbaitek. TTIP (Trasatlantik Trade and Investment Partnership) euskaraz Europa eta Amerikako Estatu batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako hitzarmena da.
AEBko presidentea den Barack Obamak 2013ko otsailean burututako “Batasunaren Egoeraren” diskurtsoan aipatu hitzarmenerako negoziaketak abiatzekoak zirela iragarri zuen. Aste batzuek beranduago, Europako estatuetako beste presidenteek erabakia berretsi eta beren babesa azaltzen joan ziren, horien artean Rajoy eta Hollande.
Negoziaketak sekretuan burutzen ari dira eta euren azken helburuak soilik azaldu dituzte: “merkatuak ireki” eta “oztopo ez arantzelarioak” gainditzea edo desagerraraztea. Honekin batera, nola ez, garapen ekonomikoa eta enplegua sortuko dela esan dute.
Negoziaketak sekretuak izatearen arrazoi ofiziala, jokoan dauden interes ekonomikoen garrantzia eta tamaina litzateke, ustez, publikotasunak negoziatzaileei kalte egin diezaiokeelakoan.
Edonola ere, denbora honetan negoziatzen ari diren gaien inguruko filtrazio garrantzitsuak egon dira eta horrek Europako Batzordeari zein AEBko gobernua adierazpenak egitera behartu ditu. Noski, adierazpen horietan informazio gutxi eman eta eman diren filtrazioetatik iragartzen ziren arriskuak (adib. Pribatizazio prozesuak bultzatuko dituela…) ukatzeaz gain, aipatu bezala, ekonomiaren garapenerako eta enplegua sortzeko izango omen dituen onurak azpimarratzera mugatu dira.
Negoziaketak 2015ean zehar ere burutuko dira eta bi aldeen helburua 2016ren bueltan Hitzarmena sinatzea eta martxan jartzea litzateke.
Garrantzitsua da hasieratik, denek onartzen duten gauza bat azpimarratzea: Hitzarmen honen helburu “esplizitua” ez da merkataritzaren alorrean izan diren bestelako hitzarmen parekoa. Hau da, helburua ez da inportazio edo esportaziorako dauden arantzel edo presio fiskala arintzea, hori berez jada oso txikia baita, “merkatuak bateratzeko” gaur egun bi aldeetan egon daitezkeen “egoera” eta “arautze” ezberdinekin amaitzea baizik; ekonomiaren globalizazioaren baitan, urrats handi bat eman eta merkatu handi eta bakar bat osatzea.
Akordio honen inguruan orain arte ezagutzen ditugun ezaugarriak onartezinak dira Europarentzat, Europa sozialarentzat, Ongizatearekin, aniztasun kulturalarekin eta biodibertsitatearekin konprometituko Europarekin eta bere herritarrekin.
Helburua orokorra eta handia izanik TTIP ez da tresna bakarra. Hala, EBk eta Kanadak joan de urrian filosofia berari erantzuten dion CETA ituna adostu zuten. Bestalde, TTIPen osagarriz EB, AEB eta munduko hamarnaka herrialde finantza zerbitzuen merkatua liberalizatzeko TISA (Trade in Services Agreement) tratatua negoziatzen ari dira, era sekretuan baita ere.