Manifestaziora deitu du EH Bilduk, “bakearen bidean urratsak emateko”

argazkiaOarso eta Bidasoako EHBildu.- Euskal Herriak ez du ezagutu, azken 175 urteotan, gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik. Herri honek, modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Orain ia lau urte, Aieteko nazioarteko bake konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkion Euskal Herriari.

Orduan, nazioarte osoaren begiradapean, aldebakartasunez emandako pausoek behin betiko bakea ekarriko zuten bideak ireki zituzten. Euskal Herriak hainbeste denboran amestutako bakea lortzeko bideari ekin zion.

Esperantzaz beteriko une haiek, ordea, oztopo eta traba ugari ezagutu dituzte: tamalez, herri honek bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka, Estatu espainiar eta frantsesek, elkarlanean, gure bidea zapuztea erabaki dute. Ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako. Doakie bide batez, gure herrikideak diren Ramuntxo Sagarzazu eta Iratxe Sorzabali, bere senideei eta lagunei, gure elkartasuna eta babesa.

Herri baketsua da gurea, bakea bakean biziz eraiki nahi duena. Bakean bizitzea erabaki duena. Konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea.

Ez dira txikira jokatzeko garaiak. Herri bezala hartutako erabakia, bakean eta askatasunean bizitzeko erabakia, muturreraino eramatekoak baizik. Abagune historiko honetan, beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu. Ezin diegu hutsik egin bakea amets izatetik errealitate izatera igarotzeko hainbeste lan egin duten milaka eta milaka herritarrei.

Horregatik, Euskal Herriari eta geure buruari bi deialdi egin nahi dizkiogu, zintzotasunetik eta tinkotasunetik. Lehena, jarrai dezagula bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen.

Bigarrena, datorren urriaren 3an Donostiako Artzai Onetik 17:00etan «Bakea, erabakia» lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzeko deialdia egin nahi diogu gure eskualdeko herritarrei. Bete ditzagun Donostiako kaleak bake eta askatasun egarriz. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Bihur ditzagun bideak pauso eta pausoak bide, Euskal Herriak, azkenean, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongi etorria egin diezaien.

Etiquetas: