Irungo EHBildutik abenduaren 3a ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna dela adierazi nahi dugu:
Ospatzeko, euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publiko askok lan eskerga egin dugulako azken hamarkadetan euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera. Baina ospakizun hauek guztiek neurriz egin behar dira, izan ere, jakitun gara, euskara bizirik egon arren, osasun onetik urrun dagoela. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan du euskara eta normalizaziotik urrun dago.
Izan ere, euskara herritar guztion ondarea da, gure kultura eta nortasunaren funtsezko osagarria, euskaldun egiten gaituena, alegia. Euskararen osasuna hobetzeko, berreskuratzeko eta erabilera sustatzeko, herritarrok eta erakundeok elkarrekin lan egin behar dugu.
Erakunde publikoek, euskaldun berriak eta hiztun aktiboak lortu ahal izateko, baliabide eta tresna egokiak jarri behar dituzte. Baina benetan honetan eragin nahi badugu, adierazpen instituzional hutsaletatik aldendu eta benetako konpromisoak hartzeari ekitea ezinbestekoa da. Euskara ez da berpiztuko gure hiriko plaza bati euskaldunberrien plazaren izena jarriz; beste gauza batzuen artean, euskaldunberritzeko prozesuan dauden hauei beneteko laguntzak emanez, baizik. Eta honetarako, Irungo udal honek errealistak eta gauzagarriak diren neurriak hartu behar ditu berandu baino lehen, Horien artean, honako hauek:
• Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea, eta euskara administrazioko lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzea.
• Irunen euskararen arnasguneak (espazio sozial euskaldunak) bultzatzea eta indartzea.
• Irungo udaleko kontratazio-publiko eta lehiaketa guztietan hizkuntza-irizpideak txertatzea eta garatzea.
• Hiztun berriak lortzeko erraztasunak jartzea, euskararen ezagutza herriz herri unibertsalizatzea eta ikasi nahi duten guztientzat doakoa izan dadin urratsak ematea.
Benetako konpromisorik hartu ezean, euskara ez da haziko, eta hau dela eta, garuko honetan, Irungo EHBilduk ez du alkateak eginiko adierazpenarekin bat egingo.
Hau esanda, garbi adierazi behar dugu Irungo EHBilduk Irun euskaldun baten alde lanean jarraituko duela, helburu hau bilatzen dutenekin batera. Era berean, herritarrak animatu nahi ditu euskararen alde 365 egunetan ekitera, eta baita egun hauetan euskararen inguruan burutuko diren jardueretan parte hartzera ere.