Sí se Puede Irunek Irungo Udalak euskarari eman dion garrantzi eza salatzen du

Abenduak 3, euskararen eguna dela eta, Sí se Puede Irunek, Irungo Udalak urteetan zehar euskarari eman dion garrantzi eza salatu nahi du. Udal Gobernuari honako neurri hauek plazaratzen dizkiogu lehenbailehen lanean jar dadin:

Zer egin dezakegu gure hizkuntz aniztasuna zaindu eta euskararen egoerak hobera egin dezan?

-Irungo haurtzaindegien eta euskaltegien arteko zerbitzu osagarriak eskaintzea: gure familietan guraso eta haurren arteko harremanetan euskarak aurrera egin dezan.

Oro har, eleaniztasunaren onurak azaltzea.

-Helduen euskalduntzea: Ikasleen euskara komunikazio gaitasuna helburu, euskaltegien kalitatezko baliabideak eta eskaintzak behar berrietara etengabe egokitzea.

Helduen euskalduntzea kalitatezkoa eta doan.

-Irungo arlo sozio-ekonomikoa: enpresetan, merkataritza zerbitzuetan, langile erakundeetan eta oro har, lan-munduan euskara planak abian jartzeko eta garatzeko elkarlan iraunkorra eta laguntzak hedatzea.

-Aisialdia eta kirola: gazte zein helduen aisialdian eta kirol jarduera orotan euskararen erabilera laguntzeko egitasmoak etengabe bultzatzea.

-Euskarazko kulturgintza: euskarazko kulturaren ekoizpenak irundarrok ezagutzeko aukerak eduki ditzagun dinamika eta programak bultzatzea. Bertan sortzen diren kultur ekoizpenak laguntzea.

-Komunikabideak: Txingudi eskualdean ditugun eta sortuko diren euskarazko komunikabideei berariazko laguntzak eskaintzea. Azpimarra egin nahiko genuke esparru honetan teknologiek arlo honetan duten garrantzian.

-Euskararen kalitatea: Euskaldun kopuruari dagokionez Irun Gipuzkoako bigarren hiria izanik, Europako Hizkuntzen Markoa C-2 maila bertatik bertara eskaintzea, etorkizunari begira, bizitzaren esparru eta funtzio guztietan euskararen kalitatea zaindu eta hobetu dadin.

Irundarrak egun hauetan euskararen inguruan antolatutako jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditugu, baita urteko 365 egunetan euskararen alde egitera. Euskaraz bizi nahi dugulako, ez dezagun euskara erortzen utzi.

Etiquetas: