"Txingudi" taldeak BERTSOTRUK dinamikan parte hartuko du

argazkiaIrunabar.- "Euskararen Nazioarteko Eguna" atzean utzi berritan, bertsoen jarioak etenik ez duela gogoratzera gatoz. Horretarako Bertsotruk dinamikaren berri eman nahi dizuegu:

Helduen bertso-eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu da Bertsotruk egitasmoa. 26 bertso-eskolen artean egingo diren bertso desafioak biltzen ditu egitasmo honek, eta tartean da "Txingudi" taldea ere.

Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak jarri du abian eta 26 bertso-eskolek eman dute parte hartzeko izena. 26 bertso-eskola horien artean multzoak osatu dira, guztira 9 multzo (3 bertso-eskolako 8 multzo eta 2 bertso-eskolako multzo bat). Hauexek dira "Txingudi" taldeari egokitutako multzokideak:
    Goierri – Kakiturri – Txingudi

Bertso-eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartuko ditu etxean, eta beste bi herrietako bertso-eskolek antolatutako ekitaldietara joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia, bertso-jolasen bat… Egitasmo honen inguruko informazio gehiago hemen.

Txingudi taldeak, abenduaren 12an emango dio hasiera Bertsotruk ekimenari. Horretarako eguerdiko 14:00etan, Erlaitz Mendi Elkartean bertso-bazkari bat antolatuko dugu. Bertan, Gasteizko Kakiturri eta Irungo Txingudi taldeko bertsolariak entzuteko parada izango dugu, bazkalosteko bertso saio formatuan. Bazkarirako sarreren prezioa, 15€-koa izango da.

Hauexek izango dira parte-hartuko duten bertsolariak:
 - Kakiturritik, Alberto Mtz Kortabitarte “Betto”, Juan Mari Juaristi eta Xabier Lopez de Santiago.
 - Txinguditik, Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala.

Sarrerak eskuratzeko, 690065826 telefonora deitu edo mezua bidali (SMS nahiz Whatsapp bidez) eta moldatuko gara. Nahi izatera, mezu honi erantzunda ere erreserbatu ahal izango dituzue sarrerak. Eskatzeko azken eguna datorren asteazkena (abenduak 9) izango da.

Etiquetas: