Euskal Herriko BDZ kanpainaren atxikimenduak batzeko ataria jaio da: Yallah-eh.org

fotoAtaria: www.yallah-eh.org

Euskal Herrian Boikot Desinbertsio eta Zigor kanpaina indartu eta atxikimenduak ikusgarri egiteko helburuarekin jaio da www.yallah-eh.org ataria.

Hamar urte betetzera doaz BDZ mugimenduak bere bidea ekin zuela. Presio ekimen bat dugu boikot kanpaina hau, harik eta estatu sionistak Arabiar lurren okupazioa eta kolonizazioa bertan behera utzi eta harresia eraitsi, Israelen bizi diren hiritar arabiar palestinarren oinarrizko eskubideak aitortu eta palestinar errefuxiatuek beren etxe eta jabetzetara itzultzeko eskubidea aitortu, babestu eta bultzatu arte garatuko dena.

Herrian 2005az geroztik hamaika ekimen eta dinamika garatu dira, israelgo produktuak erosteari uzteko deialdiak, Israelgo kirol eta kultura arloko ordezkariekiko boikot ekimenak edo eta estatu sionistarekin harreman instituzionalen gaineko salaketak esaterako. Modu honetan, Euskal Herrian palestinar herriaren aldarriak zilegi eta justutzat jotzen dituen babes herritar aski sendoa dago.

Atxikimendu zabal hori ikusgarri egin eta sistematizatzeko beharra dagoela ikusita, www.yallah-eh.org ataria jarri da martxan, Euskal Herriko arlo eta eremu ezberdinetako gero eta entitate gehiagok BDZ kanpainarekin bat egin eta jasotako babes hau guztia Euskal Herriko mapan ikusgarri jartzea da helburua.

Askapenatik BDZ kanpainarekiko atxikimendua adierazi nahi dugu beste behin ere. Horregatik BDZren kanpainan gehiago sakondu, euskal jendartean sozializatu eta boikotaren alde indarrak eta atxikimenduak batzen jarraitzeko gure konpromisoan berresten gara. Honekin batera ordea, Israeldar Estatuaren aurpegia zuritzea asmo duten ekimen eta adierazpenak salatuko ditugu eta harremanak bertan behera uzteko presioa egin.

Inoiz baino gehiago, Palestinar herriak behar gaitu, eta guk, deiadar horri heltzeko konpromisoa hartzen dugun bezala, Euskal Herriko gainontzeko eragile zein norbanakoei modu berean egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu. Bakoitzak ahal duena emanez, gertuago egongo baigara sionismorik gabeko Euskal Herri bat eraikitzetik.


Gora Palestina Askatuta!
Yallah! Sionismorik gabeko Euskal Herria lortu arte!

Info gehiagorako:

BDZ kanpainaz gehiago jakiteko irakurgai duzu Omar Barghoutiri (Palestinako giza eskubideen aldeko aktibista eta BDZ kanpainaren sortzaileetakoa) eginiko elkarrizketa GORA aldizkarian (euskaraz).

Etiquetas: