Irungo EHBildu: "Parte hartzea"

EH Bildutik planteatzen dugun gizarte eredu berriak ongizatea eta garapen sozioekonomiko jasangarria ditu helburu, eta hau lortzeko herritarren parte-hartze zuzena ezinbestekoa dela uste dugu.

    PSOEk eta Santanok agintean eman dituzten hamarkada luze hauetan boterea udaletxeko lau pareten artean bahituta eduki dute, argi utziz ez dutela herritarren parte-hartzea bultzatzeko interesik. Haien parte-hartze eredua “el alcalde en los barrios” edo “escucha activa” egin baina ondoren jaramonik ez egitean datza, edo jaietako kartelak aukeratzeko prozesura mugatzen da. Bestalde, aurrera eraman diren prozedura parte-hartzaileak, Artiakoa esaterako, EHBildutik proposatutako prozedura izan zen, eta zer esanik ez Aurrekontu parte-hartzaileen kasua Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta. Honek argi adierazten du PSOEk eta Santanok ez dutela herritarren parte-hartzearen aldeko apusturik bilatzen.

    Gure ustez ez da beldurrik izan behar boterea herritarrekin partekatzeko, azken finean herriarena baita boterea, baita erabakitzeko eskubidea ere. Horregatik, demokrazia ordezkatzailetik demokrazia zuzenera urratsa emateko garaia iritsi dela uste dugu, herritarren artean kultura parte-hartzailea zabalduz eta sustatuz.

    Parte-hartzeak maila ezberdinak ditu, hots, informatzea, galdetzea, erabakitzea eta gauzatzea. Gure parte-hartze ereduak prozedura osoa betetzeko planteamendua egiten du, eta PSOEk eta Santanok ez dute inoiz lehenengo urratsa ere bete, hau da, ez dute inoiz informazioa argi eta garbi azaldu ezta partekatu ez beste alderdi politikoekin, ezta herritarrekin ere. Agortuta dagoen eredu honi bukaera eman behar zaio, eta eredu berria eraiki. Hau aurrera eramateko, EHBildutik Plaiaundiko kirol instalazioen kokaleku berria herriak, herri galdeketa baten bitartez, erabaki dezala proposatu dugu, baina herriarena da azken hitza.

    Parte-hartze prozedura guztiak gardentasunari lotuak egon behar dute, hau da, parte hartu ahal izateko behar beharrezkoa da informazio guztia eduki eta ulertzea. Atez atzeko bilera ezkutuak eta akordio merkantilistak izan baitira Santanoren “modus operandi”a. Gardentasuna ez baita soilik bakoitzaren soldata eta jabetzak azaltzea; gardentasuna eguneroko kudeaketan azaldu behar da.

    Beraz, EHBildutik herritarren parte-hartze zuzena aldarrikatzen dugu, udaletxeko ateak herriari irekiz, eta prozesu parte-hartzaileen markoan botere erabakitzailea ere herriari emateko. Hala, guzti hau arautuko duen herritarren parte-hartzearen inguruko ordenantza bat proposatzen dugu guztion parte-hartzearen bitartez sortua, uneko kolore politikoaren gainetik herritarren erabakitzeko eskubidea bermatzeko.

Etiquetas: