Euskal Herriko hainbat mugimenduk, sindikatuk eta erakunde sozialek prentsaurrekoa eman dute gaur, AHT gelditzea exijitzeko ekainak 13 larunbatean Donostian deitu duten manifestazioan partehartzeko jendarte osoari dei egiteko. “AHT GELDITU ORAIN! XAHUKETA GEHIAGO EZ! HERRITARROK ERABAKI” lemapean egingo da mobilizazio hori, arratsaldeko 5’30etan Alderdi Ederretik abiatuta, eta erakunde ugariren atxikimendua bildu du deialdiak (Atxikimenduak / Adhesiones - Blog informativo sobre la campaña / Kanpaña informatiboaren bloga).
8 urte igaro dira AHT egiteko lanak hasi zirenetik. Ordutik hona mito bat erortzen ikusi dugu. Urte hauetan zehar agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzako. Porrot egin du proiektu honek, milioiak xahutzen dituena eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakarrena, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan. Politika honek oso ondorio larriak dakartza eta are larriagoak izango dira ez badugu erokeria hau geldiarazten: zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko, ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da eta galera ekonomikoak eta ondorio sozialak are sakonagoak.
Proiektu hau inposatu nahian ari direnek ez digute esaten zenbat diru gastatu duten orain arte eta ez dakite zenbat gehiago beharko den aurrerantzean, ezta noiz amaituko dituzten lanak ere. Gero eta zalantza gehiago Euskal Herrian sekula eginiko inbertsio handienaren gainean, bultzatzaile burugogorrei errealitatea ikusten uzten ez diena: Paris eta Madrilekin loturarik ez dauka eta, gainera, Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurrikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. Maila bereko zentzugabekeria ikusi dezakegu Nafarroan, inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira, Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena.
Estrategikotzat saldu nahi izan diguten proiektu honi errealitatea gailendu zaio. Eraikuntza lanek ekarri behar omen zuen bultzada ekonomiko handia ez du inork ere ikusi, hango eta hemengo alderdi politikoetako lagun minak diren eraikuntza enpresario handiek izan ezik, poltsikoak ondo bete dituztenak, gero eta maizago azaleratzen diren ustelkeria kasuak lekuko. Prekarietatea eta lan istripuak AHTko lanetan ari diren langileen eguneroko ogia dira, beraietako gehienak azpikontraten eskuetan harrapatuta, lan eta segurtasun baldintza negargarrietan, honez gero 7 hildako eragin dituztenak.
Diru-xahuketa honen erantzuleek, EAJ-PNV, UPN-PP eta PSE-PSN-PSOE, ez daukate inongo arazorik urtero aurrekontuen zati handi bat obra honetara bideratzeko. Badakite diru hori maileguan eskatu behar dela eta gero eta zor handiagoa pilatzen dutela eskuetan dituzten gobernuen gainean. Aldi berean, gainera, esaten digute ez dagoela dirurik gizarte zerbitzuetarako eta kultura edo ekonomiako bestelako arloetarako.
Egoera hau ikusita, manifestaziora deitzen dugun talde eta erakundeek ondorengoa exigitzen dugu:
1.- Berehala AHTko lanak geldiarazi ditzatela.
2.- Proiektu arranditsu honi bideratzen zaizkion diru-partidak erabili daitezela une honetan jendarteak dituen benetazko premiei: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak... euro bat gehiago ere ez AHTrako!
3.- Ireki dadila eztabaida tekniko, sozial eta politikoa azpiegitura honen inguruan, herritarren partehartze, informazio eta erabakitze prozesu batekin batera, guztion artean erabaki dezagun zer egin proiektu honekin.
Beraz, deia luzatzen diegu herritar eta elkarte guztiei bat egin dezaten ekainaren 13an Donostian AHT gelditzeko egingo dugun manifestazioarekin.
Deitzaileak eta atxikimenduak:
AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu! Mugimendua, Fracking EZ, Ekologistak Martxan, Eguzki, CADE (Iparralde), Mutriku Natur Taldea, Getxoko Tosu Betirako elkartea, “Yesa+no lanak gelditu”, Sustrai Fundazioa (Nafarroa), Nivelle-Bidasoa Elkartea (Urruña), ACOA (Asociación de Concejos de Araba), LAB, STEE-EILAS, ESK, ELA, EHNE, CNT, Euskadiko CGT/LKN, HIRU, Berriotxoak, Duintasuna, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gazte Abertzaleak, Komite Internazionalistak, Askapena, EHE Euskal Herrian Euskaraz, KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitarista, Sare Anti-Faxista, EH Sozialista, m15m Bizkaia, Martes al Sol, Elorrixoko Gaztetxea, Urretxu-Zumarragako Gazte Asanblada, Leitzeko Atekabeltz, Gaztetxea, Azpeitiko Gazte Asanblada, Zintzilik Irratia, Uztaro Kooperatiba, Danok lan (Galdakao), Mikelazulo Kultur Elkartea (Orereta-Errenteria), Marruma Elkartea (Donostia), Ekoneus Euskal Ekonomia Elkartea, Ekintza Zuzena aldizkaria, Nafarroako Gazte Anarkistak, Plaza Beltza, Atxurigorri Auzo Elkartea, Plataforma Ura Nueva Cultura del Agua, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Mugarik Gabe ONGD, 2016desokupatu, EH Bildu, Sortu, Alternatiba, Euskal Herriko Komunistak (EHK), Gorripidea, Kepa Gonzalez (Podemos Ahal dugu Euskadi), Nekane Jurado (ekonomilaria), Xabier Mendiguren Elizegi (idazlea), Xabier Montoya Revuelta, Pako Aristi, Unai Fernandez de Betoño (arkitektura irakaslea) ETA GEHIAGO…
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1161 irakurketak
- Castellano