Diru Sarrera Bermatzeko Errentan okerreko ordainketen ondorioak arintzeko 30 euroko kuota ezartzearen alde agertu da Gasteizko legebiltzarra

EH Bildu.- EH Bilduk ekimenak aurkeztuz jarraitzen du Gasteizko legebiltzarrean, Lanbidek egin zituen diru sarrerak bermatzeko errentaren okerreko ordainketek jasotzaileen artean dituzten ondorioak arintzeko helburuarekin. Hala, ganberak gaur onartu du koalizioak eta PSEk adostu duten testu bat.

Belen Arrondo EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi du, Lanbideren okerreko funtzionamenduaren ondorioz okerreko ordainketak jaso dituzten pertsonek ez dituztela ordaindu behar “administrazioaren funtzionamendu desegokiaren ondorioak”. “Kasu askotan ezin dute orain Lanbidek eskatzen dien itzulpena egin. Egoera bidegabea da, eurek ez baitute errurik”, gaineratu du. Arrondok azaldu duenez, “jada pairatzen ari dira injustua den estigmatizazio jakina DBE jasotzearren, eta orain modu desegoki batean, malgutasunik gabe eta familiaren egoera kontua izan gabe, dirua itzultzea eskatzen zaie”.

Horri aurre egiteko garrantzitsua da Arrondorentzat gaur onartu dena. “Gaur berriro frogatu da ordainketa okerrek ez dutela zerikusirik gizarte laguntzetako iruzurrarekin, jasotzaileak ez baitute zerikusirik ordainketa okerrekin. Lanbide da egoeraren arduradun nagusi eta bakarra, eta bere kudeaketaren ondorioz okertu da guztia”, salatu du legebiltzarkideak.

Egoera horri buelta emateko, EH Bilduk ekimena aurkeztu zuen ganberan, eta gaur Enplegu, Gizarte Politikak eta Etxebizitza batzordean PSErekin batera adostutako erdibideko testua onartu da. “Bereziki garrantzitsua da guretzako testuak jasotzen duen 3. puntua, hain zuzen, Lanbideri eskatzen zaiolako “akats horren eragina ahalik eta murritzena izateko beharrezkoak diren prozedurak abian jar ditzala”.  

Honako hau da onartu dena, hitzez-hitz:
1.- Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio berma dezala Lanbidek beharrezko bitarteko material eta humano guztiak eduki ditzala efikaziaz eta bermeekin erantzun ahal izan diezaion diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzako prestazio osagarriaren kudeaketari.

2.- Legebiltzarrak Jaurlaritzari, DBEri buruzko 147/2010 Dekretuaren 57. artikuluak jasotzen duen bezala, ondorengoa eskatzen dio:
    a)   Ezar ditzala okerreko zenbatekoa adierazten duen erabakiaren aurretik jarraitu beharreko tramite guztiak, tramite horien artean aurretiazko entzunaldiarena dagoelarik.

    b)   Jakitera eman diezazkiola DBE eta   EPOren okerreko ordainketak itzultzeak eragindako pertsona bakoitzari zergatiak, zenbatekoa eta aldi zehatza.

    c)   Erraztasunak eman ditzala eragindako pertsonek benetako eta egiazko defentsa baliatu ahal izan dezaten, beharrezkotzat jotzen dituzten alegazioak eginez.

    d)   Aplika ditzala itzultzeko legez aurreikusitako epeak, kontuan izanez eragindako pertsona bakoitzaren erabilgarritasun ekonomikoa eta familia-egoera.

3. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio, egindako okerren ordainketak Lanbideren erantzukizuna dela ziurtatuta dauden kasuetarako, akats horien eragina ahalik eta murritzena izateko beharrezkoak diren prozedurak abian jar ditzala, besteak beste,  aukera harik eta une hobeak etorri arte ordainketa eten araziz, zenbatekoen ordainketak atzeratuz, edo hileroko 30€ko kuota sozial bat finkatuz, kontuan izanez eragindako pertsonaren eskaera edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena eta kontuan izanez bizikidetza-unitatearen egoera ekonomikoa, familiek bizitza duina egin eta oinarrizko premiak asetzea.

Etiquetas: