#SOSKREA

argazkiaIragan abenduan, Irantzu Lekuek, salaketa helburu, ekimen artistikoa burutu zuen Krea eraikineko atarian. Artea eta Kultura sustatzeko helburuarekin jaiotako egitasmoa izan zen Krea baina, urteak daramatza itxirik, eraberritze lanetan dirutza gastatu ostean.

Ekimen baketsu eta sinbolikoa izan zen. KREAren egoera salatu eta Arabako artistentzako leku fisiko bat aldarrikatzeko burututakoa.

Hauteskundeen ostean, Vital Kutxa Fundazioak -Kutxabank menpe dagoena-, Irantzu Lekue salatu zuen ekimen artistiko hura burutzeagatik. Zorionez, azken unean, erabakia birpentsatu eta salaketa kendu zuten. Erabaki positiboa behingoagatik.

Hala ere, KREA eraikina hutsik jarraitzen du, inongo proiektu edo funtziorik gabe. Hutsik, eraberritze lanak amaitu zituztenetik urteak igaro badira ere. Arte Garaikidearen ikurra behar zen izan eta, diru publikoarekin, 18 milioi euro gastatu ziren berritze lan horietan.

Jakin badakigu KREA egitasmoa abiatzeko aurrekontu arazoak daudela baina, gizartearen interesen kontra doazen interes espekulatiboen gainetik, egoera honen aurrean, ezer ez egitea ez da aukera bat.

Hau guztia dela eta, sinatzaileok, KREAren inguruko hausnarketa berri, demokratiko eta eraikitzailea egiteko deia luzatu nahi dugu.

Horregatik, Gasteizko Udalbatza osatzen duten taldeei, gai honen inguruan lantalde bat sortzeko eskatzen diegu. Talde horretan, eraikinaren jabea den entitatea, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta hiriko kulturgintzan aritzen diren pertsonen ordezkariak parte hartuko lukete. Talde horrek, konponbidea bilatu beharko lioke bai eraikinaren egoerari baita egitasmoaren egoerari ere. Era berean, talde horrek, hiria eta herrialdearen egoera kulturala aztertu eta hobetzeko egitasmo eraginkorra osatu beharko luke. Hurrengo egunetan, Kulturgileen Mahai Sektoriala osatuko denez, mahai honek, bitartekaritza lanak egiteko aproposa izan zitekeela uste dugu.

Era berean, artistontzako, sormena eta sorkuntza garatzeko leku fisiko baten irekiera aldarrikatu nahi dugu. Bilerak egin, sinergiak sortu, artelanen erakusketak antolatu eta lan berriak sortzeko aproposa izan behar den zentro baten irekiera aldarrikatzen dugu, alegia.

Azkenik, borondate edo jarrera on baten adierazle izango den keinu bat eskatzen diogu Gasteizko Udaleko Gobernu taldeari: Kutxabank eta Fundazioekin negoziatzeko eskatzen diogu, akordioa lortu eta KREA eraikinaren aurrean dagoen berdegunea herritarrentzako parke publiko izan dadin.

Hau guztia lortzeko, sinadura bilketa bat abiatu dugu change.org plataformaren bitartez. Hori dela eta, gure eskaerekin bat datozen perstona guztiei eskaera sinatzeko deia luzatu nahi diegu, egoera, denon artean, irauli dezagun.

Era berean, sare sozialetan #SOSKREA traola erabiliko dugula jakinarazi nahi dugu. Era honetan, manifestua zabaltzen lagundu nahi duten pertsona guztiek argazkiak eta manifestua zabaltzeko aukera izango dute.

Etiquetas: