Gabonetan ere, kontsumo arduratsua

dibuIrungo EH Bildu.- Gabonek parada ederra eskaintzen digute zer nolako kontsumitzaileak garen jakiteko, hots, dauzkagun kontsumitzeko ohiturei erreparatzeko. Eta hausnarketarako bide horretatik abiatzen bagara, zergatik ez hausnartu zein den gure gertuko komertzioen egoera, gure auzoetako denda eta komertzio txikiak non dauden, bertako produktuak zergatik diren garestiagoak urrutitik ekarritakoak baino, nork erabaki duen ekoizpen industrialetako produktuen ezartzea inguruko eta naturalagoak direnak alboratuz,…

Askotan aipatu ohi da kontsumo jasangarria, hau da, produktua nola ekoiztu (ingurumen inpaktua, produktuaren arriskuak, eskulana,…) eta non ekoitzi den (ume-esplotazioa, gerran dauden herrialdeak, distantzia luzeko garraioa,…) irizpidetzat hartzen dituen kontsumoa. Egun, beste ideia zabalago bat aipatzen da, kontsumo arduratsuarena hain zuzen ere. Azken honek lehen aipatutako irizpideak kontuan hartzeaz gain beste galdera batzuk ere planteatzen ditu: zertarako balio duen (benetan behar?), nork ekoiztu duen (multinazionalak, baserritarrak, kooperatiba txikiak, artisauak,.), nork saltzen duen (hipermerkatu handiak, ohiko herriko komertzioak,…) eta nola saltzen den (kode etikoa, giza ardura,…).

Aldagai horiek guztiak kontuan hartu beharko genituzke gure kontsumo-gizarte honi laguntzen dizkioten ingurumen, ekonomia eta gizarte mailako ondorio guztien aurrean jarrera kritikoa garatu nahi badugu. Kontsumitzaile arduratsuak, norbanako zein kolektiboki, kontsumitzaile sentsibilizatua, informatua, kritikoa, kontzientea,… izan behar du.

Ikerketek diotenaren arabera, estatu mailan, erosketak egiteko azaleraren %82-a supermerkatu eta hiperrak dira. Eta datu honetatik Irun ez da urrun egongo, eta are gehiago etorkizun hurbilean Arason beste hiper berri bat irekiko dutela kontuan hartzen badugu. Datuak oso hotzak dira: gure Erkidego Autonomikoan kontsumitzen diren elikagaien %5a baino ez da bertan ekoizten, beste guztia inportatu egiten da. Eta horrek zer ondorio ditu? Erraz asmatzekoak, nazioarteko garraio, merkatu eta prezioen menpe izatea; elikaduraren kalitatearen murrizketaz eta biodibertsitate galeraz ez mintzatze arren. Bitxia da baina 1950an, EAEan, 50.000 ekoizle baserritar baldin bazeuden, gaur egun 9.520 baino ez dira.

Horregatik, gu ere kontsumitzaileak garela, bestelako Irun bat nahi dugulako egiten dugu hausnarketa hau, eta, “atrebentzia” ez bada, aholku batzuk gogoratu eta mahaigaineratu nahi ditugu:

  - Zeozer erosi baino lehen hausnartu benetan behar duzun produktu hori edo publizitateak bultzaturik erosi nahi duzun.

  - Zerbait erostea erabakitzen baduzu, informa zaitez ea zer lehengaiz dagoen egina, ea bere fabrikazioak eragin kaltegarria izan duen ingurumenean, ea ekoizpenak giza-injustizia ekarri duen,…

  - Pentsatu ea bere erabilerak ingurumen inpaktuak sortzen dituen, hondakin kaltegarriak,…

  - Gogoratu edukia erosten duzula, ez edukitzailea. Batzuetan, gehiago ordaintzen da bere hala botatzen diren bilgarrien fabrikazio eta ezabapenagatik, produktua beragatik baino.

  - Ahal izanez gero, saihestu latetan doazen edo ontziratuegi dauden produktuak. Beirazko ontziak eta sakotontziak elikagaiak gordetzeko egokiagoak dira plastikoak eta aluminioak baino.

Eta bukatzeko, gogoratu behar dugu kontsumitzaileok baino lehenago hiritarrok garela, eta beraz, eskubideak izateaz gain gure ardurak ere baditugula.

Etiquetas: