Irungo EH Bildu.- Lerro hauen bitartez, EHBildutik, jakinarazi nahi dugu “Martindozenea” udal aterpetxearen behin-behineko itxieraren ondorioz, eta honekin batera, bere pertsonalaren kaleratzearen ondorioz, sentitzen dugun sumindura eta haserrea.
Herritarrei honako hau jakitera eman nahi diegu:
- Pertsonal guztia kalera bota dutela erreserba ugari zegoen garaian. Eskolek, aterpekideek, elkarteek, eta esate baterako, Behobia-Donostia proban parte hartuko duten kirolariek aspalditik eginda zituzten erreserbak ezeztatu behar izan direla, aipatu erabakiaren ondorioz.
- Udal zerbitzu honen itxiera prozesua lardaskeria kateaketa hutsa izan dela, eta pertsonalari zein oposizioko taldeei ez zaigula inongo momentutan inongo informaziorik eman. Jaso dugun informazio urria, langileen aldetik jaso dugularik.
- Langileak, langabezian urriaren lehenengo astetik, indefinizio egoera latz batean daudela, ez baitakite lanean hasiko diren ala ez, eta baiezko kasuan noiz bueltatuko liratekeen.
- EHBildutik, udal aterpetxearen oraingo eta etorkizuneko egoera argitu nahian, bilera egin genuen hasi berria den arloko delegatua den Josune Gómezekin (EAJ-PNV). Egoeraz galdetu ondoren, instalazioak datorren urteko uneren batean berriro irekitzeko asmoa dagoela jakinarazi zigun. Edonola ere, EHBildutik, Martindozenea eta bere erabileren inguruan dagoen indefinizioa nabarmena dela hautematen dugu, zeren lankidetza arlotik, azken hau PSOEren esku, udal zerbitzua Siriako errefuxiatuen harrerarako erabiltzeko asmoa dagoela informatu baitute.
Nola uztartuko dira bi erabilera hauek datorren urtean? Noiz etorriko dira errefuxiatuak? Eta 2016. urtea baino lehenago iristen badira, zeinek emango du zerbitzua langilerik ez badago?
EHBildutik Martindozenearen itxierarekin sentitzen dugun nahigabea publiko egin nahi dugu, eta balioan jarri nahi dugu urte hauetan bete duen funtzioa, gazte elkarte, klub, ikastetxe, eta gainontzeko entitateei, bai tokikoei bai lurraldetik kanpokoei, kalitate handiko zerbitzua eman dielarik.
Bide batez, ohartarazi nahi dugu itxiera honek datorren urteko okupazioari begira sortuko duen galeraz. Momentu honetan, erreserba zerbitzurik ez dago, jakin badakigu ere, asko direla, erreserbak egiteko asmoz jasotzen ari diren deiak. Azken hauek, HAZ-SACera bideratuak izaten ari dira, inongo emaitza positiborik gabe, noski.
Hau dela eta, ezinbestekoa da irekiera data lehenbailehen zehaztea, gutxienez irekiera egunerako zerbitzuaren erabiltzaileak egon ahal izateko.
Gure taldetik udal gobernuari koordinazio handiago, informazio eta gardentasun gehiago eskatu nahi diogu, eta bide batez, lerro hauek probestu nahi ditugu langileei, eta bere senitartekoei, gure elkartasun eta babesa adierazteko.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1235 irakurketak
- Castellano