IRPHaren kaltedunei iruzur egiteagatik zigortu dute Kutxabank berriz ere

IRPH Stop Gipuzkoa.- Donostiako Lehen Auzialdiko 7. Epaitegiak Kutxabank zigortu du IRPHak kalteturiko Orioko bikote bati iruzur egin ziolako. Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek euren webgunean (www.abogadosres.com) atzo argitara eman zuten epaiak Orioko bikotearen salaketa bere osotasunean onesten du.

2012. urteko amaieran izan ziren gertakizunak. Orioko Kutxabanken bulegora gerturatu zen bezero bat, bere bikotekidea maileguaren kontratura gehitua izan zedin eskatzera. Mailegua IRPH Cajas indize tamalgarriari lotua zuen, eta hori desagertuko balitz Euribor+1 ordezkoa aplikatuko zela aurreikusia zegoen kontratuan. Epaiak jasotzen duen moduan, data horretarako indarrean zen IRPH Cajas indizearen desagertzea agintzen zuen ministerio agindua, eta beraz Kutxabankek bazekien laster Euribor+1 ordezkoa aplikatu beharko zuela. Baina eskatu zioten aldaketa aprobetxatuta, Kutxabankek IRPH Cajas indizea kendu eta haren ordez oraindik indarrean den IRPH Entidades jarri zuen, eta modu honetan Euribor+1 ordezkoa aplikatu beharra ekidin zuen. Epaiak jasotzen du aldaketa hau nabarmenki kaltegarria zela bezeroentzat, Euribor+1 aplikatzea IRPH Entidades aplikatzea baino askoz abantailatsuagoa izango bailitzateke beraientzat.

Epaileak bere osotasunean onetsi du auzi-eskea, non Orioko bikoteak salatzen zuen indizearen aldaktzea ez zietela jakinarazi, eta azpikeriaz iruzur egin zietela. Modu honetan, Kutxabanken Orioko bulegoan kudeatzaile eta zuzendari diren Mikel Gandara jaunaren y Miren Pilare Muguruza anderearen bertsioak baztertzen ditu, hauek lekuko moduan deklaratu baitzuten bikoteei informazioa eman eta gero adostu zutela indizea aldatzea.

Epai honen aurretik pareko beste bat ebatzi zuen Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak 2014ko irailaren 30ean, José María Erauskin eta Maite Ortiz abokatuek lortua hura ere, eta 2015eko martxoaren 31ean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi zuena.

Kalteturiko bikoteak eta euren abokatuek ez dute baztertzen Oriko bulegoaren arduradunen edota Kutxabanken aurka auzibide penala hastea.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak badu antzeko kasu gehiagoren berri, eta argi dago Kutxabanken zuzendaritzak babesturiko estrategia orokor baten aurrean gaudela. Kutxabankek Euribor+1 ordezkoaren aplikazioa atzeratu eta IRPH Cajas indizearen aplikazioa ahalik eta gehien luzatzea helburu zuen garaiak dakarzkigu gogora kasu honek. Estrategia honi euren babesa eman zieten PNV, PSE eta PPk, eta baita CCOO eta Pixkanaka sindikatuek, EH Bilduk Kutxaren Administrazio Kontseiluan IRPH Cajas aplikatzeari uztearen aldeko ekimenak aurkeztu zituen aldietan. IRPHak kalteturiko familien aurka dena posible zen gara haietaz ari gara beraz.

Gertakizun larri hauen aurrean IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Xabier Iturbe Kutxaren presidentearen dimisioa exijitzen du. Eta Lakuako gobernuaren Hezkuntza Sailari eskatzen dio Kutxabankek DBHko ikasleei prestakuntza finantzarioa emateko dituen asmoak berehala indargabetu ditzala. Eskandalagarria da bezeroei iruzur egiteagatik behin eta berriro zigortua izaten ari den entitatea gure eskoletan sartzea ustezko prestakuntza bat eskaintzera.

Etiquetas: