Atzo Irunen ere azken operazio poliziala salatu zen

Atzo iluntzeko 19:30tan, San Juan plazan, kontzentrazio batekin goizean presoen babesaren kontrako operazioa salatu zen.

Jarraian kontzentrazioan irakurritako textoa:
Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!

Gaurko operazio polizialak aspalditik  egiten dugun hausnarketa baieztatzen du: espetxe politika Euskal Herrian konponbide agertoki bat egonkor ez dadin Estatu espainiarrak duen tresna nagusia da.

ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik espetxeetako egoerak okerrera baino ez du egin. Konponbide prozesua lehertu nahi du PPk gaurkoa bezalako operazioen bidez.

Espetxe politika deliberatuki okertzeaz gain, euskal preso politikoei sustengu politikoa, soziala, ekonomikoa zein osasun arreta izan ditu jo-puntuan  PPren beso armatua den Guardia Zibilak: Herrirako kideak, bitartekaritza taldekoak, abokatuak, Etxeratekoak, Jaiki Hadikoak izan dira atxilotuak eta hainbat espetxeratuak.

Gaurkoan presoei sostengu medikua eskaintzen dieten lagunak izan dira atxilotuak; beharrezkoa da presoei sostengu medikua eskaintzea espetxe barruko arreta eskasa delako, desegokia, berandu emana eta kasu asko eta askotan propio ukatua presoak fisiko eta psikikoki deuseztatzeko. Espetxeak eman beharko lukeen arreta medikua euskal presoen kontrako eraso-tresna politiko gisa erabiltzen du Espainiako gobernuak behin berriro ere bere izaera gupidagabea eta krudela erakutsiz.

Madrilek ez du jasaten euskal presoekiko elkartasunik inon ematea; bereziki hemen, jakina, baina erakusten ari da ere Europan egiten ari den salaketak eta erakusten den euskal presoekiko elkartasunak bereziki egiten diola min. Ezin dugu ahaztu atxiloketa berri hauek gertatu direla Urkullu lehendakariak Etxerati egindako harrera eta gero; Etxerateko kideek europarlamentuan egindako harremanen ondoren eta baita ere atzokoan Bruselan aurkeztutako ekimenaren ondoren. Espainiako gobernuaren posizioa espetxe politikari dagokionean ez du inork babesten Espainiatik kanpo eta atzokoa horren isla izan da.

Bukatzeko deia luzatu nahi dizuegu, antolatuko diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko eta presoekiko elkartasuna zigortu nahi duten honetan, lau haizetara zabaltzeko. Guztion artean, egunetik egunera, horrelako erasoak geratuko dituen elkartasun sare zabal eta anitza eraiki dezagun!

Etiquetas: