Muturreko pobreziari aurre egiteko estrategia integrala eskatu du EH Bilduk Gasteizko legebiltzarrean

EH Bildu.- EH Bilduk kontrolerako osoko bilkuran galdera egingo dio Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Angel Toñari, “etxerik gabeko pertsonen egoera aldatzeko beharrezkoa den estrategia integralari buruz”. Koalizioak erregistratutako idatzian gogoratu duenez, 2014ko azaroaren 7an Gasteizko ganberan egindako pobreziari buruzko eztabaida monografikoan arazo horri aurre egiteko ebazpena onartu zen eta balizko estrategia garatzeko agindua eman zitzaion Lakuari. Aitzitik, Jaurlaritzak oraindik ez du ezer aurkeztu.

Bitartean, “gizarte bazterkeriaren ondorio gordinak” egunero ikusten jarraitzen dugu. Eva Blancok sinatutako idatzian agerian geratzen den moduan, Euskal Herrian aurten jada 3 etxegabe hil dira, azkena, joan zen astean Getxon. “Errealitate gordin horren aurrean Jaurlaritzak ezin dezake ezikusiarena egin. Bere utzikeriak pobrezia egoera okertu baino ez du egiten”, salatu du Blancok.

2014an EH Bilduren ekimenez Legebiltzarrak egin zuen ildotik, EH Bilduk berriro eskatu dio Lakuari lanean hasi dadila estrategia integral hori aurkezteko. “Egoera ez da hobetuko, baldin eta erakunde publikoek ez badute esku hartzen. Gero eta arrakala soziala handiagoa pairatzen duen jendartean, errealitate hau gero eta nabarmenagoa egingo da. Administrazioak baditu tresna eta baliabideak pobrezia ekiditeko eta, bitartean, pobrezian dagoen jendearen egoera hobetzeko”.

Etiquetas: