Elkartasun haundia jaso zuten AHTren aurkariek atzoko epaiketan

Mugitu Mugimendua.- Atzo goizean epaitu zituzten Donostian AHTren aurkako zazpi ekintzaile, Urkullu lehendakariaren aurrean AHTren aurka protesta egiteagatik.  Elkartasun elkarretaratzeak egin ziren Donostiako epaitegiaren aurrean eta Iruñeko Foru monumentuaren ondoan, jende asko bilduz. Donostian epaiketa hasi baino lehen, Urkullu lehendakaria asto baten gainean irudikatzen duen estatua ikusgarri bat inauguratu zuten Urkullu bera eta Nafarroako lehendakari Barcina antzeztu zituzten  bi lagunek parodia irrigarri batean, jendeak "URKULLU BAJATE DEL BURRO" oihukatzen zuen bitartean. Bertara komunikabide andana agertu zen eta epaitu batek epaiketa eta AHTa salatzeko adierazpenak egin zituen. Bestalde, Iruñeako Foru Monumentuan beste elkarretaratze bat eginda, epaituriko lagunetako bat Nafarroako Sasoia jubilatuen elkarteko kidea izanik.

Epaiaren zain gelditu da auzia, fiskalak kide bakoitzari 24 eguneko isun-eguneko zigorra eskatu duelarik, osotara 960 euroko isuna alegia. Abokatuak absoluzioa eskatu du protesta egiteko askatasuna aldarrikatuz.

Atzoko epaiketaren eta herenegun Ana Pastor ministrariak Bergaran eginiko ekitaldi propagandistikoaren harira, Mugitu!k berriro salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak bere burua harrokeriaz “jasangarri” gisa aurkezten duen bitartean Euskal Herrian inoiz  egin den azpiegiturarik txikitzaileena bultzatzen duela. Horren lekuko dugu atzo AHTren obretera eginiko bisitan iragarri duten Udalaitz mendiaren zulaketa. AHTak, ingurumena gogor erasotzearekin batera, baliabideen xahuketa ikaragarria dakar, etorkizunean guztiontzako hipoteka bat izango delarik.

Azkenik, Mugitu! mugimenduak elkartasun osoa adierazi nahi die Italiako Val Susako NO TAV mugimenduari, herri mugimendu indartsu honetako 47 kideren aurka 145 urteko kartzela zigorra eskatzen zaizkien makro-epaiketa egin baitute Italian.

Etiquetas: