Eskerrik asko Euskal Herria eta zorionak Euskal Herria!

Bidasoko AEK.- Eskerrik asko Korrikan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei: eskerrik asko AEKideei beste behin egin duten lanagatik, eskerrik asko Korrika batzordeetan parte hartu duten guztioi, eskerrak ere Korrika kulturaleko ekitaldietan parte
hartzeagatik, komunikabideei, egindako jarraipenagatik….

19. Korrika handiena izan da:
Zergatik diogu hori? Ziurrenik inoizko abiatzerik indartsuena ezagutu genuen martxoaren 19an. KORRIKA ezagutzen ez zuen Urepelen elkartu zen jendetzarekin abiatu ginen Bilborantz. Oso berezia izan da elkartzea nekazal giroko herri txikia eta euskal herritar gehien hartzen dituen udalerriarekin, Bizkaiko hiriburuarekin, hain zuzen ere.

Atzokoaz zer esan: Bilbon ikusi genuen euskaltzaleen uholdea zoragarria izan zen. Bilboko kaleetan bizitakoa, goiz goizetik, KORRIKA honen adibiderik esanguratsuena izan da. Era berean, San Nikolas elizaren parean zegoen argazkia betiko gogoan izango dugu. 24 ordu baino ez dira pasa, eta guztiz hunkituta jarraitzen dugu. Balorazio grafiko eta objektibo horietatik at hori ere azpimarratu nahi dugu. Emozioz jositako KORRIKA bizi izan dugu. Oso hunkituta gaude AEKren familia
osatzen dugun guztiok. KORRIKAk piztu dituen emozioak eta sentimenduak egunero eta bitarteko desberdinen bidez zabaldu dira. Hamaika argazki, bideo, mezu, txio gorde ditugu adibide moduan. Beraz, esan dezakegu, euriak blaitu bagaitu ere, Korrika uholdea izan da, jende uholde beroa euskararen garra 11 egunez pizturik izan duena.

Hizkuntza baten alde munduan egiten den ekimenik handiena, eta mundu osoan egiten dena, bai horixe, beldurrik gabe esango dugu. Hortik ere markak hautsi dira aurreko asteetan: kontinente guztietan 50 bat KORRIKA txiki azaltzen ari zaizkigu
egun hauetan. “Txiki” diogu milaka kilometro egiten ez dituztelako, milaka lagun bildu gabe, baina urrunean kanpoan bizi diren euskaltzaleek (askotan bertako jendearen babesarekin) egiten duten ekarpena oso handia da: euskara eta
KORRIKA mundu zabalean kokatzen dute, eta laguntzen dutelako hemen bizi dugun KORRIKA mundiala izaten.

Hedapenari eta jarraipenari dagokionez ere, inoizko KORRIKArik handiena bizi izan dugu Komunikazioaren urrezko aroan bizi gara, eta arlo horretan ematen den bilakaerak isla handia du KORRIKAtik KORRIKAra: milaka lagun bihurtu dira
KORRIKAren argazkilari, mezulari, esatari, sortzaile, hamaika heroi anonimo egiten dutena erakutsi nahian...Interneten eta telefonoetan KORRIKA honetatik atera dena izugarria. Ederki dakizuen bezala, zenbaezina, une honetan, mezu bat/argazki bat noraino iris daitekeen jakitea ezinezko bihurtu delako. Era berean, hedabideok egin duzuen jarraipena aipatu behar dugu, horrek ere lagundu duelako KORRIKAren arrakasta ziurtatzen.

Korrikaren aurkezpenean indar metaketaz, auzolanaz, elkarlanaz mintzatu ginen, eta hori ikusi ahal izan dugu, KORRIKA hasi bitartean , karreran bertan, hedabideen jarraipenean, eragileen eta norbanakoen babesean, mundu zabalean...Eskerrik asko
eta zorionak, Euskal Herria, berriz diogu.

Korrika honek sekulako ahalmen metaketa suposatu du. Aurreko 18 edizioetan ikusi ahal izan dugu, baina esan nahi dugu inoiz baino argiago antzeman dugula KORRIKA herri oso baten aldarria dela, bizirik dagoen eta bizi nahi duen
komunitateak, bi urte zain egon ondoren, euskaraz bizitzeko duen bizipoza inoiz baino ozenago adierazi nahi izan du.
Bagara nor. Hori da KORRIKAn berretsi duguna. Gu EUSKAHALDUNAK gara. KORRIKAn bagara nor.

Esker mila guztiarengatik.

Etiquetas: