Inoiz baino bisitari gehiago hartu ditu Bidasoa Eskualdeak

Turismo bulegoetan hartutako bisitariak
39.996 bisitari pasa dira Hondarribiko eta Irungo turismo bulegoetatik, uztailan eta abuztuan. 36.403 bisitari hurbildu ziren Hondarribiko Arma Plazako eta Kirol Kaiko bulegoetara, eta 3.593 pasa ziren Irungo Luis Marianoko bulegotik. 15.606 izan ziren uztailan turismo bulegoetatik pasa zirenak, eta 24.360 abuztuan.

Baikorra izaten jarraitzen du joerak, eta iaz hartutako bisitariekin alderatuta, 2.084koa izan da bisitarien hazkundea.

Igoera horrekin, Bidasoa Bizirik-ek kudeatutako turismo bulegoetatik, inoiz baino plano eta informazio esku-orri gehiago eskatu eta banatu dira bisitarien eta tokiko establezimenduen artean. 8.000 plano banatu dira guztira.

Kontsulten %70 orokorrak izan dira: zer bisitatu, naturaren inguruko gaiak (ibilbideak, bidexkak), autokarabana guneak... Ipar Euskal Herriko eta E.A.E.ko kostaren inguruko informazioak ere arrakasta izan du. Bisitari gehienak aholkatuta iristen dira lehen aldiz, eta errepikatzen ari den jende asko, ez da turismo bulegoetatik pasatzen. Bestalde, bisitarien %2 baino gutxiago dira ostatuei buruz galdetzen dutenak.

Bisitarien jatorria
Jatorriari dagokionez, nabarmentzekoa da turista frantziarraren eta atzerritarraren gorakada, aurreko urtearekin alderatuta. Estatuko turistak %61,91 izan dira, gehienak Kataluniakoak, Madrilgoak, Valentziakoak eta Andaluziakoak. Bisitarien %23,19 iritsi da Frantziatik, eta gainerakoak, Alemaniatik, Italiatik, Erresuma Batutik eta Belgikatik, batez ere.

Hotelen okupazioa abuztuan
Hotelen okupazioari buruzko azken datuak falta diren arren, esan daiteke 2016ko uztaileko eta abuztuko datuak 2015ekoen antzekoak direla: %86,18 eta 94,4 izan ziren, hurrenez hurren. Irungo eta Hondarribiko establezimenduekin alderatuta egin daiteke baieztapen hori.

Balorazio baikorra indartzen duen beste adierazle bat da baliabide turistikoek, eta bi herrietan antolatutako jarduerek aurreko sasoietan baino bisitari gehiago hartu dituztela: Hondarribiko Blues festibala, Irungo Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, Oiasso Museora bisitak, Hondarribira bisitak...

Azken finean, 2016ko udarako datuek hobera egin dute, Gipuzkoan eta Iparraldean gertatu denaren antzera. Eta iraila dago aurretik oraindik...

Bidasoa Bizirik

Etiquetas: