Ekainaren 12an erabakitzeko eskubidearen aldeko bi martxa koloretsuak

Gure esku dago.- Badira ia 3 urte erabakitzeko eskubidearen aldeko herri iniziatiba hauspotzeko asmoz GURE ESKU DAGO martxan jarri genuela. Ibilbide oparo baten ondoren, iazko ekainean, erabakiaren aroa hasi zela esan genuen, argi eta ozen. Eta gu aro hori elikatzen ari gara, ilusio osoz begirada 2018an jarrita.

2016. urtea bide horretan urrats ausartak emateko urtea dugu. Datorren ekainean hainbat herri eta eskualdetan urrats handia ematera doaz. Goierrin, Diman, Ispasterren, Debagoienan, Azpeitian eta beste hainbat lekutan antolatu dituzten Herri Galdeketek bide honen indarra eta aukerak erakusten dizkigute. Euskal Herritar guztiak epe motzean gure etorkizuneko estatus politikoaz erabaki ahal izatera hurbiltzen gaituzte. Gure babes osoa adierazi nahi diegu.

Baina, Bidasoa eskualdean ere bidea egiten ari gara. Eta gu ere 2016ko ekainean urrats handia ematera goaz. Gure eskualdeko herrietan erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarrak asko garela irudikatzeko eta konpromiso berriak bildu ahal izateko bi iniziatiba garrantzitsu ditugu esku artean:
  - Alde batetik, ekainaren 4an Hondarribian eta Irunen, herri bakoitzeko jende ezagun, erreferente eta esanguratsuen babes zabalarekin eta anitzarekin, erabakitzeko eskubidearen aldeko ADIERAZPENAK ezagutaraziko ditugu. Herri bakoitzean ekitaldi ezberdinak egingo dira, Hondarribikoak garrantzia berezia hartuko duelarik.
  - Eta bestetik, ekainaren 12an gizarte zibilaren eta gure eskualdeko 3 herrietako herritar guztien aktibazioa eta elkarlana bilatzeko asmoz ESKUEN EGUNA izeneko mobilizazioa eta festa antolatu dugu. Egun honetan milaka lagun bildu nahi ditugu goizeko 10etan Hondarribiako eta Hendaiako espigoietatik abiatuko diren bi MARTXA koloretsu eta animatuetan. Oinezko bi martxa hauek bi herriok zeharkatu ostean Irunen barrena egingo dute, bidean jarriko ditugun hainbat puntutan jendea bilduz, eta amaieran ekitaldia eta festa izango dira. Hautetsontzi erraldoia eraikiko dugu guztion eskuak erabiliz, argazki mundiala aterako dugu, musika eta giro ederra egongo da eta baita sorpresa ugari ere!

Bi iniziatiba hauekin, asko garela, anitzak garela, herriarekin lotura estua dugula eta martxan gaudela irudikatu nahi dugu. GURE ESKU DAGO herri dinamika bat da, gizarte zibila mugiarazi nahi duena. Erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratikoarekin bat egiten dugun guztiok lekua dugu bertan, eta guztiok gara beharrezko. Horregatik, Irun, Hondarribia eta Hendaiako herritar guztiei iniziatiba hauetan parte hartzera dei egin nahi dizuegu. Eta bereziki, ESKUEN EGUNEKO martxan eta ekitaldian parte hartzera, bakoitzak nahi duen lekutik hasita eta bakoitzak nahi duen ekarpena eginez, baina denok GURE ESKU DAGOko kamiseta laranjekin eta eskuak elkarri emateko animoarekin.

Martxoaren 12an Kriseiluen ekimenarekin gertatu bezala, ez dugu zalantzarik erantzuna handia izango dela eta jende andana bilduko garela. Animo guztioi, zabaldu deialdia eta eskuratu zuen kamiseta lehenbailehen ohiko lekuetan.

Etiquetas: