Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako 60 haurren lanen marrazketako erakusketa

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, mugaz gaindiko marrazketa erakusketa antolatu dute. Hiru hirietako haurrek egindako lanak egongo dira ikusgai, Bidasoko Interpretazio Zentroan. Ekainaren 8an,  Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin irekiko ditu ateak, eta uztailaren 22ra arte egongo da zabalik, asteartetik ostiralera, 10etatik 14etara (Jai egunetan eta zubietan izan ezik).
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako 60 haur inguruk egin zituzten erakusketako marrazkiak, maiatzaren 25ean Ficoban ospatu zuten kirolaren festan.

Zer proposatu zitzaien, parte hartzeko?
Egoera bat eta zenbait pertsonaia planteatu zitzaizkien haurrei, eta imajinazioa erabiliz, haien marrazkia egin behar izan zuten. Neskato bat (Irhonhe) eta mutiko bat (Txibi) marraztea eskatu zitzaien, Bidasoa ibaiaren inguruan paseatzen, Txingudi badiako bokalean, urari begirako ingurune natural batean, eta etxerik gabe.

Bi helburu ditu ekimen horrek. Batetik, parte hartzaileek mugaz gaindiko elementu komuna barneratzea eta irudikatzea: Bidasoa ibaiaren ur eremua, eta Txingudi badiako bokalea. Bestetik, ingurune naturala maitatu eta babes dezaten gazteak sentsibilizatzea ahalbidetzen du prozesu horrek.

Bidasoko Interpretazio Zentroa
Bidasoko Interpretazio Zentroaren kudeaketa Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren esku utzi zuen Irungo Udalak 2013ko urrian. 2016 urtean zehar egongo diren ospakizunetarako dinamizazio jardueren egitaraua prestatu du partzuergoak.

Interpretazio Zentroaren barruan, Bidasoko biotopoari buruzko sekzioa dago. Bertan, Prio Barojari eskainitako panel batek “ibai izena duen herrialdeaz” hitz egiten digu, 1922an “La leyenda de Juan de Alzate” liburuan idatzitako deskribapenarekin.
Bidasoko Interpretazio Zentroko animazio jardueren egitaraua ere diseinatzen ari dira aurten. Horretarako, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalak lankidetzan ariko dira, Abenida Nazioarteko Zubiaren mendeurrenaren inguruan. Memoria historikoa berreskuratzea, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta mugikortasun arinaren sustatzea landuko dituzte.
Bestalde, mugikortasun arina (Eurovélo 1-Euroziklo), memoria historikoa (Aduana igarotzea-Comète sarea) edo inguru ekologikoa (Bidasoko espezie adierazgarriak) lantzen dituzten beste zenbait sekzio ere badaude Bidasoko Interpretazio Zentroan.

Etiquetas: