Bidasoa Bizirik-en ikastaro arrakastatsuenen beste edizio bat: “Ideiatik enpresara”

Bidasoa Bizirik-ek ekintzailetza bultzatzen jarraitzen du. Otsailaren 15ean, pertsona ekintzaileen artean harrera  ona eduki duten tailerretako bati ekingo diote.

“Ideiatik enpresara” da tailerraren izena, eta autoenplegua haien lan aukera izan daitekeela pentsatzen duten pertsonei zuzenduta dago. Ekintzaile kontzientzia suspertuko dute tailerretan. Horretarako, negozio ideien inguruan lan egingo dute, eta ekintzaileak garatu beharreko ahalmen eta jarrera pertsonalak aztertuko dituzte. Azken finean, enpresa bat sortzeko abiapuntu egokia izan daiteke ikastaroa. Hirugarren aldiz egingo dute ikastaroa, eta harrera ona izan du beti.

Aurreko tailerrek “Plan cuatro”, “Kontatu”, “3ymedia” edo “Txikis del Bidasoa” proiektuak garatzeko laguntza eman dute.

Tailerren dinamika aurrekoen berdina izango da. 80 orduko iraupena izango dute, eta lau  eskola-asteetan egingo dituzte (9:00-13:00).

Ikastaroaren lehen zatiak ahalmen pertsonaletan jarriko du arreta. Balioak eta gaitasun ekintzaileak landuko dituzte.

Ikastaroaren bigarren partea praktikoa da gehienbat, eta negozio-ideiaren diagnostikorako zein enpresa-plana zehazteko tresna izateko balioko du. Bertan, pertsona bakoitzak bere enpresa-proiektuan kontuan izan beharreko alderdi nagusiak (legalak, fiskalak, kokapenari, salmentei, finantzei eta abarrei dagozkienak) aztertuko dituzte.

Informatzeko eta izena emateko Bidasoa Bizirik-eko Autoenplegu Departamentura deitu daiteke (943 633937) edo empresas@bidasoa-activa.com helbidera idatzi. Bestela, bulegoan egin daiteke (Mirarietako Ama Birjina kalea z/g.).

Etiquetas: