Krea Bidasoa 2016 egingo dute maiatzaren 26an

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik-en bidez, KREA Bidasoa ekimenaren zortzigarren edizioa antolatu dute. Kontaktuak egiteko, negozio aukerak identifikatzeko,   jakintzak zabaltzeko, eta beste esperientziak eta tendentziak edo arrakasta kasuak ezagutzeko balio dezake topaketak.

Ekimenaren helburua da lurraldeak eskaintzen dituen berrikuntzaren, baliabideen eta talentuaren balioa azpimarratzea. Ekintzaileei, enpresei eta bestelako organismo publiko-pribatuei zuzenduta dago Krea.

Lurraldeko aktore ezberdinen arteko kolaborazio loturak sortzea ere bada asmoa. Bidasoa eskualdean eta haren eragin eremuan ugariak dira baliabideak eta talentuak. Beraz, lurralde azkarra dela esan daiteke. Hori dela eta, Krea azkarra izango da aurtengo leloa.

Ficoba erakustazokak hartuko ditu jarduera guztiak. 9:00etan hasi eta 20:00etan amaituko dira.

Nabarmentzekoak:
Krea ekimeneko jardueren artean, ondorengoak azpimarratu daitezke: Living lab (laborategi bizidunak) ezberdinen aurkezpenak, Autonom Lab-ena (Europa mailako lehen Living lab-etako bat), edo Ocean Living Lab gure lurraldeko elkarte berriarena, adibidez. Haien proiektuak eta esperientziak azalduko dituzte. Maria Serrano, Bidasoa Bizirikeko kontseilaria, azaldu du: “irristatze, akzio eta ur kirolen industriaren sektoreko enpresen artean, kolaborazioa eta teknologien transferentzia sustatzea dira Ocean Living Lab-en helburuak”.

Bestalde, enpresa industrialei zuzendutako joera berriak zabalduko dira: fabrikazio gehigarria, robotika kolaboratzailea, ikusmen artifiziala, Interneten aplikazioa etab.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat izango da startup-etarako finantziazio aukeren eta proiektuen azelerazioari buruzko mahai-ingurua.

Bukatzeko, beste urte batez, Pecha Kucha 2016rekin amaituko dugu. Eskualdeko proiektu berritzaileak aurkeztuko dira, pechakucha formatuan (20 irudi eta 20 segundo irudi bakoitzeko). Talentuaren eta pertsonen sormenaren aldeko apustua da.

Berritasunez, ekintzaileei eta enpresei zuzendutako proposamen interesgarriz, sormenez eta berrikuntzaz betetako azoka izango da.

Etiquetas: