“Ibai izena duen eskualdea” margo erakusketa zabaldu dute, azaroaren 4an, 20:00etan, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez. Nazioarteko zubiei, Bidasoa ibaiari eta haren bokaleari lotutako lan ezberdinak ikusi ahal izango dira bertan. Maiatzaren erdialdetik uztailaren erdialdera aurkeztu zituzten lan horiek, Partzuergoak antolatutako mugaz gaindiko margo lehiaketan.
Erakusketa abenduaren 23ra arte egongo da zabalik, Bidasoko Interpretazio Zentroan (Garai bateko aduana, oinezkoentzako nazioarteko zubiaren ondoan), ohiko ordutegian (asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara, jai egunetan eta zubietan izan ezik). Bertan, lehiaketan aurkeztutako obrak egongo dira ikusgai.
Inaugurazio ekitaldian lehiaketan parte hartu duten zenbait margolari, Alicia Cebrian eta Bruno Aguerre epaimahaiko kideak eta hiru zinegotzi izan dira: Miguel Ángel Páez Irundik, Arantxa Berrotaran Hondarribitik eta Richard Irazusta Hendaiatik.
27 lan aurkeztu dituzte lehiaketan
27 lagun dira eskatutako ezaugarriak bete dituzten obrak aurkeztu dituztenak. Hiru laguneko epaimahaiak izendatu du irabazlea: Hondarribiko Mentxu de la Cuesta, Irungo Alicia Cebrian eta Hendaiako Bruno Aguerre. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Pilar Fuertes izan da epaimahaiko idazkaria.
Lehen txandan, batetik hamarrera baloratu dituzte lanak. Puntuazio handiena jaso duten bederatziak pasa dira finalera. Bertan, epaile bakoitzak hamar puntu banatu behar izan ditu lanen artean (Bakoitzak bosteko puntuazioa jaso du, gehienez).
500 euroko saria Susana Ferreira Domínguezek jaso du, “Lo que el río vió” lanagatik. Ernesto Larrarte Parrondok aipamen berezia jaso du, “Entre dos aguas” obragatik.
Etorbidearen Nazioarteko Zubia
Gogoratu, jarduera eta ekintza egitarau berezia diseinatu dela aurten Bidasoko Interpretazio Zentroan. Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalak parte hartzen ari dira Etorbideko Nazioarteko Zubiaren mendeurrenaren ospakizunean. Gainera, bestelako gaiak ere lantzen ari dira: memoria historikoa berreskuratzea, ingurumenari buruzko sentsibilizazioa, eta mugikortasun arina sustatzea.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 796 irakurketak
- Castellano