Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen mugimenduaren prentsa oharra

Metroaren proiektua gelditzeko Donostiako “satorralaia” bizilagunen mugimendua Eneko Goia alkatearekin bildu zen atzo arratsaldean. Bileraren balorazio gisa, azpimarratu nahi dugu Eneko Goiak auzi honetan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat irekitzeko guk egindako eskaera Eusko Jaurlaritzari helarazteko konpromezua hartu duela; hori dela eta, Ana Oregiri dei egiten diogu Metroaren igarobidearen proiektua geldiarazteko eta hirian desadostasun zabala sortzen duen egitasmo polemiko horren inguruko eztabaidan eta erabakietan jendartearen parte hartzea ahalbidetzeko bideak irekitzeko aukera hori alperrik galtzera ez eramateko.

Atzo alkatearekin egindako bileraren ondoren, Oregi sailbuarengana zuzentzen gara beraz, proiektua gelditzeko eta herritar elkarteekin nahiz talde sozialekin iritziak trukatzeko dagoen premia helarazteko. Ana Oregik aukera dauka orain legegintzaldiaren hasieran hitzemandakoa betetzeko: hots, bere proposamena “Donostialdearako mugikortasun soluziorik onena aztertzeko lan-taldeak abian jartzea” izango zela adierazi zuen orduan; eta ildo honetan hitz eman zuenez, “Udalarekin, Diputazioarekin eta hiritarrekin mahai batean eseri beharko dugu, Donostiarako garraio-biderik egokiena zein den pentsatzeko”. Orain arte agindutakoa ez da bete ordea. Zergatik?  

Honi dagokionean, gure ustez ulertezina da Eusko Jaurlaritzak Metroaren auzian parte hartze publikoa zeharo urratzen duen bidea hartu dela ikustea. Gure kezka eta erabateko desadosasuna adierazi nahi dugu berriro, Metroaren Donostiako igarobidearen eraikuntza-proiektuen idazketa agindu zuelako joan den azaroan, herritarrek aurkeztutako ehundaka alegazioei erantzunik eman gabe ere, eta hori Arartekoak argi eta garbi ebatzi izan duenan Administrazioa behartuta dagoela erantzuna ematea. Zein dira instituzioek herritarrei parte hartzeko eskainitako aukerak?

Bukatzeko, Donostiako talde eta pertsona guztiei dei egiten diegu Metroa gelditzeko mugimendu honetan parte hartzeko, aukera eskainiko duten fronte guztietan ilusioarekin eta tinkotasunarekin jarraitzeko asmoz. Bizilagunen mugimendu honek mobilizatzen eta eztabaida publikoa sustatzen segituko du. Gaur elkarretaratzea egin dugu berriro, hirian egiten ari diren Metroaren eraikuntza-proiektuko zundaketa geoteknikoen lanak salatu eta geldiaraztea eskatzeko.

Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarra

Etiquetas: