Bai, NATO, ongi ezagutzen zaitut

Ez, ez nuen 1986ko martxoaren 12 hartan bozkatzerik izan, baina badakit Hego Euskal Herriko 931.367 gizon-emakumek, boto emaileen %62 NATOren parte izateari ezezkoa eman ziotela. Badakit ere zein izan zen estatuko alderdi handienen jarrera, “de entrada no” hartatik hasita baiezko borobiletara, baina “NATOri ez, Euskal Herriari bai” ere bazegoen. Nik ez nuen ezagutzerik izan, baina badakit garaipen hori sentimendu antiinperialista, subiranista eta elkartasunezkoari esker izan zela, maila guztietako lan izugarriarekin uztartuta: maila sozial, politiko, sindikal zein herri mugimenduan. Eta badakit, justiziaren aldeko borrokak memoria kolektiboaren bidez transmititzen direlako, eta memoria daukagu.

Ez dut zure gerrarik sufritu, baina badakit erakusten duzun aurpegi humanitaristaren azpian beste bat gordetzen duzula, badakit Jugoslavia, Irak, Afganistan eta Libia guztiz suntsituta utzi dituzula. Eta bai, Sirian eta Ukrainan egin dituzun interbentzio erdi-ezkutuak ere ezagutzen ditut. Badakit baita ere, inbaditzen dituzun herrien baliabide naturalak lapurtzeaz gain, zure hegemonia mundiala kolokan jartzen duen edozein herri zein mugimendu zapaltzen duzula, bloke kapitalista, inperialista heteropatriarkala sarraskiaren bidez defendatzen duzula.

Ez duzu nire herria bonbardatu, ez dut zuk jaurtitako bonben hotsa entzun; baina gertu sentitu ditut. Elkartasunak munduko edozein tokitan, edozeinen aurka egindako injustizia oro modurik sakonenean sentitzera naramalako. Gainera, badakit zure injustizien konplize izatera behartzen nauzula, nire lurretan entrenatzen zarelako, nahiz eta duela 30 urte ezetz esan zizuten hemen. Bardeak bezalako natur gune babestu batean jaurtitzen dituzu bonbak, gero praktikan aplikatzeko. Militar turkiarrak entrenatzen dira hemen adibidez, gero biztanleria kurdua masakratzen duten horiek, bere askapen nazional, sozial eta generozkoaren alde borrokatzen den biztanleria.

Hainbeste min egiten dizuten borroka horiek, eta defendatzen dituzun boteretsuei. Eta badakit zenbaitetan “emakumeek jasaten duten zapalkuntzaz askatzeko” argudioa erabili duzula interbentzioak egiteko, Afganistanen esaterako, baina errealitatea bestelakoa da. Zure interbentzioen ondorioz sexu esplotazioa eta emakumeek sufritzen duten biolentzia areagotu egiten da, NATOko kideek zuzenean parte hartu dute emakume eta neskatoen negozio eta bortxaketetan, mugetan trafikatuz. Muga horietan, bai, non gaur bezala atzo ere milaka desplazatu eta errefuxiatu pasa izan dira, gehien-gehienak emakumeak.


Ez, duela 30 urte ez nuen bozkatzerik izan, eta ezin dut egin. Eta badakit erreferendum hartan hartutako erabakia ez dela izan errespetatua, eta gainera Bardeetako poligonoa inposatzen diguzue. Badakit bloke sozialista desagertuta ere, zure etsai historikoa, zuk ez duzula amore eman; amore ematetik urrun, munduko agenda inperialistan lehen mailako agente politiko-militar bezala kokatu zara. Erabaki politikoak hartzen dituzula badakit, 2014ko Newporteko (Gales) goi bileran egin zenuen bezala, potentzia berrien aurkako estrategia politiko-militarra diseinatuz. Besteak beste gastu militarra igoarazi zenien estatuei, zabalpen azkarreko indar bat sortzea erabaki zenuen, eta 2015eko amaieran Bardeetan izan ditugun Trident Juncture maniobra erraldoiak egitea ere bai.


Ez, ez nuen 1986ko martxoaren 12 hartan bozkatzerik zian, baina nire herriak garai hartan egin zuen bezala, nik ere, gaur, ezetz esango nizuke. Erabaki hori egi bihurtuko dugu, memoria dugulako. Baina ez horregatik bakarrik, edozeinen aurka, edonon egiten den injustizia oro modurik sakonenean sentitzen duen herri bat izaten jarraitzen dugulako, izan Libia, Siria, Ukraina zein Euskal Herria. Borrokan diharduen herria gara, internazionalistak gara, eta ongi ezagutzen zaitugu. Horregatik, gaur, ezetz esaten jarraitzen dugu.

Gaur inoiz baino gehiago OTANi EZ, TTIPari EZ, Bai Euskal Herriari.

Gora Euskal Herria antinperialista!

OTANi EZ!

TTIPari EZ!

Etiquetas: