Bidasoa Bizirik.- Abian da Ocean Living Lab proiektua. Bidasoa Bizirik-ek eta Aglomération Sud Pays Basque-k sustatutako mugaz gaindiko programa da. Helburua da Europa mailako erreferente izatea, irristatze, akzio eta ur kiroletan. Joan den ostegunean, martxoaren 3an, lehen aurkezpena egin zuten Miguel Ángel Páez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak eta Manuel Lara Aglomération Sud Pays Basque-ko Berrikuntza Presidenteordeak. Bidasoa Bizirik-ek eta Aglomération Sud Pays Basque-k parte hartzeaz gainera, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako ekintzaileak eta enpresariak, eta lanbide heziketako eta unibertsitateetako ordezkariak ere izan ziren bertan.
Living Lab* guztietan bezala, aktore ezberdinek parte hartu zuten ekimenean: organismo publikoek, enpresen sektorekoek, arlo akademikokoek eta hiritarrek.
Agente horiek produktuen probak egiteko eta prototipoak garatzeko ardura izango dute. Produktu ideia berriak ere bilatuko dituzte, proiektu enpresarialak bizkortuko dituzten ekimenak martxan jartzeko.
Ondorengoak dira Ocean Living Lab-en helburuak:
- Innobazio irekiko dinamika sustatzea, industria nautikoaren eta irristatze kirolen arlokoaren inguruan. Jarduera horiekin lotutako aktoreak Hossegorretik Zarautzera bilduko dituzte.
- Europa mailako erreferente izatea praktika berrien esperimentazioari eta ekipamendu berrien probei dagokienez.
- Lurraldearen sustapena egitea bere dimentsio ekonomikoan, eta turistikoan ere bai.
Proiektu honekin aurrera egiteko lehen urratsak eman dituzte jada. Ocean Living Lab mugaz gaindiko elkartea sortzea izan da lehen ekintzetako bat.
Elkartearen helburua
Ocean Living Lab mugaz gaindiko elkartea tarteko egitura da, ondorengo helburua duena: berrikuntza sustatuko duten ekintzak martxan jartzea, irristatze, akzio eta ur kirolen industriara bideratutako teknologien transferentziaren eta kolaborazio prozesuen bidez.
Kontuan hartu behar da sektore industrial horrek 2,5 milioi euro baino gehiago mugitzen dituela Zarautzen eta Hossegorren arteko area industrialean.
Mugaz gaindiko lurraldean kooperazio eta industrializazio aurreko ahalmena indartzeko asmoz, elkarteak ondorengo puntuetan jarriko du arreta, batez ere:
- Irristatze, akzio eta ur kiroletako eta arlo digitaleko profesionalen eta enpresen artean balio erantsia duten proiektuak topatzea.
- Azelerazio fasean dauden enpresek ekosistema euro-erregionalarekin eta nazioartekoarekin kolaborazioa izan dezaten bermatzea.
- Ziklo laburreko dinamika bat abian jartzea, produktuen eta zerbitzuen kontzepziorako, gune teknologikoetara, formazio zentroetara eta tokiko kolektibitateetara hurbiltzeko asmoz.
- Berrikuntza irekirako estrategia hautatzea, erabiltzailea sortze prozesuaren erdian kokatzeko, ideiatik objektura eta prototipotik serie-aurrera azkar pasatzeko.
- Ikasketa programak, industrializaziokoak eta test gisakoak proposatzea, materiala erabiltzailearen esku jarrita, adibidez.
- Talde handientzako, ETIentzako, enpresa ertain eta txikientzako eta sektoreko startup-entzako kolaborazio proiektuen prestatzea bermatzea. - Elkartearen zerbitzuetan interesa izan dezaketen beste enpresa batzuentzat ere bai.
Neurri horien bidez, irristatze, akzio eta ur kirolen sektorean lurraldea erreferentzia gune bihurtu nahi dute. Lurraldeko sare ekonomiko eta sozialean oinarritzea eta horien inguruan garatzea da asmoa.
Aurrekariak
Bidasoa Bizirik eta Agglomération Sud Pays Basque 2009 urteaz geroztik ari dira hurbileko mugaz gaindiko lurralde ekonomiko bat eraikitzeko lanean. Promozio ekonomikorako eta garapenerako entitateak dira biak. Innov Mugabe proiektua, eta haren jarraipena, Innov Mugabe 2X2 dira haien ekimen nagusietako batzuk. Sare enpresarialeko eta lurraldeko ikerketa eta berrikuntza zentroetako informaziora sarbidea errazteko tresnak martxan jarri dituzte, horien bidez. Bestalde, kolaborazio enpresariala bideratu eta berrikuntzarako eta garapen osagarrirako ahalmena duten sektore ekonomikoak indartzeko irizpideak adostu dituzte.
Zer da Living Lab bat?
Living Lab edo "Laborategi bizidun" bat, aktore ezberdinen arteko modelo berria da (Estatua, Sektore Ekoizlea, Akademia, Gizarte Zibil antolatua eta hiritarrak). Denek modu aktiboan parte hartzen dute, ondorengo arloetan: berrikuntza (Irekia eta Kolaboratzailea), kolaborazio-sorkuntza eta behar dituzten konponbideei balioa ematea, erabilera testuinguru errealetan. Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) erabiltzen dituzte horretarako. Gizarte Berrikuntza modu iraunkorrean ahalbidetzen duen Ikerketa eta Garapen ekosistema osatzen da horrela.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 918 irakurketak
- Castellano