Nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, arrantzarekin eta inguruko jarduerekin lotutako enpresen sorrera edo egonkortzea sustatzeko ekimen berria

Nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, arrantzarekin eta inguruko jarduerekin lotutako enpresen sorrera edo egonkortzea sustatzeko plana martxan jarri du Bidasoa Bizirik-ek. Agentziak tokiko garapenean lortu dituen esperientziaren eta ezagutzaren bidez, Bidasoa eskualdeko lehen sektorean ekintzailetza sustatzea da asmoa.  Horretarako, ekintzaile izateko nahia edo negozio ideiak dituen jendea dinamizatzeko ekintza programa eskainiko du. Era berean, ekimen enpresarial berri horien jardueratik kooperatiba berriak sor daitezen bilatzen du proiektuak.

Tailer eta aktibitate ezberdinak izango ditu programak, eta maiatzaren 16tik ekainaren 24ra egingo dute. Asmoa da negozio aukerak dituzten ideiak biltzea, gero kooperatiba bilakatu ahal izan daitezen. Nekazaritza eta arrantza sektoreak, tokiko produktuak eta landa eremuan egiten diren jarduerek izango dute lehentasuna. Gainera, lehen sektoreko lankidetza babestea, sentsibilizatzea eta kooperatiba berriak sortzeko formula ezberdinen inguruan formazioa eskaintzea bilatzen du programak, emakumeen parte hartzea lehenetsiz.

Programaren azken helburua da, alde batetik, nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, arrantzarekin eta inguruko jarduerekin lotutako jarduera ekonomikoa emendatzea inguruan. Bestetik, sortzen diren enpresak ekonomia sozialekoak izan daitezen sustatzea (kooperatibak, lan sozietateak etab.).

Horretarako, ondorengo jarduerak aurrera eramango dira: nekazaritza eta arrantza eremuetan tailerrak, taldeko dinamikak ideiak bilatzeko eta garatzeko, eta jarraitu beharreko joerei eta lerro nagusiei buruzko saioak.

Izen-emateak maiatzaren 15era arte egin daitezke, Bidasoa Bizirik-eko Autoenplegu Departamenduan (Mirarietako Ama Birjina kalea, z.g.), edo 943 633937 telefono zenbakian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu du proiektua finantzatzen.


Jarduerak eta tailerrak
  - Nekazaritzako ekimen bat martxan jartzeko joerak eta lerro estrategikoak. Tailerra ikasgelan (30 ordu):
Sektoreko marko orokorraren berri izango dute parte hartzaileek. Joerak, lerro estrategikoak (Europakoak, Eusko Jaurlaritzarenak etab.), inguruko egoeraren diagnostikoa eta nekazaritzarekin lotutako ekimen batean lehen urratsak emateko oinarrizko ezagutzak.

  - Arrakasta izan duten nekazaritzako eta arrantzako proiektuei bisitak:
Nekazaritzako edo arrantzako jarduera baten funtzionamendua lehen eskutik ezagutzeko helburua izango dute bisitek.  Irekiak izango dira, beraz, gelako formazio programan parte hartzen duten lagunez gainera, sektorearekin lotutako interes profesionalak dituen beste edonork parte hartu ahal izango du bisitetan.

  - Ideiak garatzeko tailerrak, enpresak sortzeko helburuarekin:
Prozesuan zehar antzemandako ideien garapena landuko dute, taldeko dinamiken bidez.

  - Nola sortu kooperatiba bat:
Agroelikaduraren sektorean martxan dauden lankidetza egiturak ezagutzea izango da tailerraren helburua. Produkzio primarioko fasekoak ezagutuko dituzte, baita transformaziokoak eta komertzializaziokoak ere.  Gainera, agroelikaduraren arloan ari diren inguruko kooperatiben sareen berri izango dute parte hartzaileek. Euskadiko nekazaritza kooperatiben federazioa izan daiteke adibideetako bat, baina beste batzuk ere aztertuko dituzte, funtzionamenduarengatik edo praktika egokiengatik interesgarriak izan daitezkeelako.

Etiquetas: