Donostiako Metroaren igarobidearen proiektua gelditzearen aldeko “Satorralaia” bizilagunen mugimenduak Eneko Goia alkateari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburu Ana Oregiri biltzeko eskaera zuzendu diela jakinarazi du, gaur Donostiako Udaletxean hamarnaka lagunek sostengaturik eman duen prentsaurrekoan. Eskaeran nabarmentzen dugunez, bizilagunen mugimendu honen arrazoien eta proposamenen berri eman nahi diegu, hain zuzen ere hirian desadostasun zabala sortzen duen egitasmo polemiko horren inguruan informazio, eztabaida eta erabaki prozesu askoz ere partehartzaileagoak abian jartzeko dagoen beharra helarazteko asmoz.
Izan ere, gure ustez Metroaren inguruko eztabaidan eta erabakietan jendartearen parte hartzea ahalbidetzeko eskaini den tartea ez da nahikoa izan. Zein dira instituzioek herritarrei parte hartzeko eskainitako aukerak? Gure kezka eta erabateko desadosasuna adierazi nahi dugu, honi dagokionean, Eusko Jaurlaritzak ehundaka alegazioei erantzunik eman gabe Metroaren eraikuntza-proiektuen idazketa agindu duelako joan den azaroan; baita informazio zeharo interesatuak zabaldu direlako ere, obren esleipena datorren udaberrirako eta eraikuntza lanen hastapena udazkenerako iragarri dutenak. Egoera honek parte hartze publikorako eskubidea guztiz urratzea dakar.
Aipagarria da Ana Oregi sailburuak legegintzaldi honen hasieran adierazi zuenez, bere proposamena “Donostialdearako mugikortasun soluziorik onena aztertzeko lan-taldeak abian jartzea” izango zela. Ildo honetan hitz eman zuenez, “Udalarekin, Diputazioarekin eta hiritarrekin mahai batean eseri beharko dugu, Donostiarako garraio-biderik egokiena zein den pentsatzeko”. Ederki dago hori, baina agindutakoa ez da bete ordea. Zergatik?
Halaber, errotik gezurtatu behar dira Donostiako Metroaren geltoki bakoitzean ustez egunero 40.000 bidaiariren joan-etorria emango dela zabaldu duten informazio faltsuak eta arduragabeak, egiazki Bentaberriko geltokian 9.711 bidaiari, Hiri-erdialdekoan 8.844 eta Easoko geltoki berrian 5.631 direlako Eusko Jaurlaritzak berak Metroaren igarobidearen erabiltzaile kopuruei buruz eginiko azterketa batean ematen diren zifrak (”Estudio Demanda Variante Donostialdea”, 2014ko urtarrila).
Guztiarekin, eztabaida publikoa zapuzteko bidea hartu da, eta hori onartezina da. Hau da, erantzunik gabe uzten ari dira Metroaren egitasmoa ezbaian jartzen duten hainbat arrazoi eta galdera: bai azpiegitura horrek hirigintza alorrean, ekonomian, Dbus-en zerbitzuetan, gastu publikoa obra faraoniko eta ez beharrezkoetara desbideratzean, edota hiri-ereduan lituzkeen ondorioen inguruan; bai Donostian lurrazpiko Metro bat eraikitzeko dagoen justifikazio faltaren inguruan ere, egungo garraio publikoko sare osoaren aprobetxamenduan eta Topo-Bus zerbitzuen osagarritasun eraginkorrean oinarrituriko alternatiba malguagoak, egokiagoak eta kostu ekonomiko txikiagokoak proposatu baitira.
Hori denagatik, Donostiako “Satorralaia” bizilagunen batzarrak Eneko Goia alkateari eta Ana Oregi sailburuari biltzeko eskaera egiten diegu, Metroaren aferan abian jarri den aurreranzko ihesaldiarekin etetea eskatu eta herritar elkarteekin nahiz talde sozialekin iritziak trukatzea premiazkoa dela aldarrikatzeko, hain zuzen ere Donostialdearako garraio publikoaren inguruan irtenbiderik egokiena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu parte hartzaile bat ireki dadin.
Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarra
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 956 irakurketak
- Castellano