Lurraldeko 5 proiektuk jasoko dituzte Europako Funtsak, Bidasoa eskualdean garapen iraunkorrean inbertitzeko

Bidasoa Bizirik.- Bidasoa Bizirik, Irungo Udala, Hondarribiko Udala, Txinzer eta Mondragon Unibertsitatea dira POCTEFA 2014-2020 deialdira aurkeztutako 7 proiektuetatik 5 aurrera eramango dituzten entitateak.

Deialdian onartu dituzten proiektu guztien aurrekontua 17.037.505 eurokoa da. Horien %65, 11.074.378,25 euro, Europaren ekarpena izango da.

Europa mailako mugaz gaindiko lankidetza programa da, mugako lurraldean garapen iraunkorra hiru herrialdeen artean sustatzeko (Espainia, Frantzia, Andorra). Europako funts horien bidez, Pirinioen bi aldeetako aktoreek diseinatutako eta kudeatutako mugaz gaindiko lankidetza proiektuak finantzatzen dira. Sektore publikoari eta pribatuari zuzenduta daude: organismo publikoak, enpresak, garapen agentziak, elkarteak, taldeak, fundazioak, merkataritza ganbarak edo hezkuntza zentroak, besteak beste.

Onartutako bost proiektuei esker, gure lurralderako interes handikoak diren arloetan lan egin ahal izango da: enpresa mundua, ikerketa eta formazioa, mugikortasuna, sormena, ondarea eta ingurumenaren hobekuntza: mugako lurraldea espezializazio adimendunaren estrategiarekin lotzea, mugaz gaindiko ondareari balioa ematea eta mugaz gaindiko arroetako ura modu koordinatuan kudeatzea.

Ondorengoak dira onartu dituzten eta Bidasoa eskualdean garatuko diren 5 proiektuak:
 - CONNECT Innovation bai!: lurraldeko enpresak 4.industria iraultzaren trenera igo daitezen bilatzen du, ekintzailetza berritzaile eta sortzailerako kultura egon dadin, eta biztanleriak prozesu horretan parte har dezan. Bidasoa Bizirik-ek gidatzen du, eta Irungo Udalak eta Mondragon Unibertsitateak parte hartzen dute (MU ENPRESAGINTZA S.COOP.).

 - IBILBIDE BEREZIAK, Hiri Sortzaileen Sarea: helburua da bitartekoak, ideiak, gaitasunak eta baliabideak jartzea, parte hartzen duten hiriak lurralde sortzaile izan daitezen. Espazio publikoan, ekonomia sortzailean eta tradizionalean esku-hartzea da ideia.

 - EDERBIDEA: proiektuak bizikletaren erabilera sustatzen du, garraiobide jasangarri moduan. POCTEFA 2007-2013 Circuldouce proiektuaren jarraipena da. Bizikleta pistak gaitzeko eta horien promoziorako ekintzak indartzen ditu. Parte hartzen duten entitateetako teknikariei, ikasleei, langileei eta bestelako hartzaileei zuzendutako sentsibilizatze kanpainak aurreikusten dituzte. Irungo Udalak parte hartzen du.

 - CREACITY: Hondarribia-Baiona-Iruñea mugaz gaindiko hiri lurraldeko ondare gotortuaren balorizazioari lotutako eskaintza turistiko erakargarria garatzea du helburu. Hondarribiko Udalak parte hartzen du.

 - H2OGurea: mugaz gaindiko arroen ikuspegi orokorra eraikitzea da helburu nagusia, uraren kudeaketari dagozkion Europako zuzentarauen helburuak betetzeko.

Etiquetas: