Prebentzio kanpainak ezinbestekoak dira

Irungo EH Bildu.- Azken aste hauetan hainbat komunikabideetan eraso sexisten berri jakin izan dugu, azkenak, Iruñeako San Ferminetan emandakoak. Baina ekainaren amaieran bai Ibarran baita Irunen ere, gure herrian, emandako erasoak ere ezagutu izan ditugu.

Erasoen aurrean salaketa gizarteratzeko elkarretaratzeak egin ditugu Irundarrok herriko eragile sozialek deituta, baina larria deritzogu udaletxetik gertaera horiek ekiditeko lanketarik ez egin izana. EH Bildutik prebentzio kanpainak egitea ezinbestekoa dela uste dugu eta horrela adierazi genuen astelehenean burutu zen berdintasun aholku batzordean. Herriko zein auzoetako jaien aurretik eta jaiak dirauten bitartean erasoak ekiditeko kanpaina horiek martxan eduki behar ditugu. Bide hori jorratuz herritarrak kontzientziatu, ahaldundu eta sistema patriarkal honek eragiten dituen sexu erasoen aurrean batzera eramango baikaituzte.

Irungo Udalak eremu honetan hutsune handi eta nabarmena dauka. Guzti horregatik, Irungo EH Bilduren ustez, ezin gaitezke hurrengo urtean lantzeko asmoa dagoen IV. Berdintasun planaren zain egon. Jada lan honekin hasi beharko genukeela uste dugu, berandu baikabiltza, eta horretarako berdintasun aholku batzordeak eskaintzen duen markoa erabiltzea eta bertan lantzea eskatzen dugu.

Etiquetas: